Oiasso museoak  “Bidasoko atlas emozionala” erakusketa hartuko du maiatzaren 28ra arte

Borja Olazabal Kulturako ordezkariak Bidasoko atlas emozionala erakusketa aurkeztu du astelehen honetan. Oiasso museoan egongo da ikusgai otsailaren 3tik maiatzaren 28ra. María José Noain Maura (Los Viajes de Aspasia) eta Helga Massetani Piemonte (Faktory) artistak 2019tik ari dira ekimen hau lantzen. Antropologia, arte eta literatura uztartzen ditu proiektuak, eta Irungo Udalaren Ribera beka bat jaso zuen.

Bidasoaren memoria historiko eta emozionalaren elementu esanguratsuenak errepasatzen ditu hamar gai edo ideiaren bidez, horietako bakoitzaren inguruan erakusketa-unitate bat antolatuta. Bidasoa izenaren etimologia eta generoa, haurtzaroko oroitzapenak, lanbide tradizionalak, ibaiak inspiratutako artea eta literatura, etab. 2021ean, taldeko elkarrizketak eta galdetegiak egin ziren herritarrekin, eta horiexek izan ziren gehien aipatutako gaiak. Bidasoko atlas emozionalak izan du beste fruiturik ere: Elena Odriozolak ilustratutako koadernoen serie bat, museoan salgai egongo direnak.

Erakusketa zenbait obra piktorikok, pieza etnografikok eta dokumentu historikok osatzen dute, moduluetako bakoitza azaltzeko. Elkarlanean aritu gara hainbat erakunderekin, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundia, Hondarribiko Udala, San Telmo Museoa eta Kutxa Fundazioa. Haien laguntzari esker, bisitariek zenbait artista ospetsuren lanaz gozatu ahalko dute, Menchu Gal, Darío de Regoyos edo Bienabe Artia, besteak beste. Pieza horiek gabarrari eta angula-biltzaileen lana gogoratuko digute, bai eta izokinaren arrantza ere… Horrez gainera, Irungo Udalak eta Udal Artxiboak lagatako obrak eta dokumentuak ere ikusgai egongo dira.

Bidasoko atlas emozionala erakusketa bat baino gehiago da: instalazio artistiko oso bat da, eta emozioak pizteko helburua du, bai eta geure iraganari, orainari eta geroari buruzko hausnarketa sustatzekoa ere.  Moduluak bakoitzak nahi duen hurrenkeran bisitatu daitezke, eta bisitariei Bidasoa ibaia gogoan izanda jolas egiteko eta sortzeko gonbita luzatzen diete.

Oiasso Museoa erromatar garaiko arkeologian espezializatu da 2006an ireki zenetik, baina tokiko historiari buruzko instalazio artistikoak eta erakusketak ere antolatu ditu. Oraingoan, kalitate handiko proiektu baten egoitza izango da. Emaitza hori posible egin dute erakundeen arteko elkarlanak eta Helga Massetani Piemonte eta María José Noain Maura komisarioen lanak.

Erakusketak iraun bitartean, bisita gidatuak eskainiko dira, bai eta haurrentzako tailerrak ere. Azken horietan, mapa emozional kolektibo bat osatuko da: esku hutsez trazatutako Bidasoaren inguruaren eta bokalearen marrazki baten gainean, elementu esanguratsuenak identifikatuko dira eta, jarraian, espazio horiek kolore eta ikurrekin lotuko dira, bakoitzak pizten dizkigun zirrarak irudikatzeko. Geure lurraldea hobeto ezagutzen ikasteko eta ulertzeko tailer bat da, emozioen eta artearen hizkuntzaren bitartez.

Erakusketa otsailaren 3tik maiatzaren 28ra arte bisitatu ahalko da museoan, ohiko irekiera-orduetan. Gainera, bisita gidatuak antolatuko dira larunbatetan 12:00etan. Tailerrak ordubete lehenago izango dira, hau da, 11:00etan. Tailer bakoitzaren prezioa 3,00 € izango da. Jarduera horiek martxoan hasiko dira, Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetearekin batera. Sare horretako kide da, izan ere, Oiasso Museoa, beste euskal museo batzuekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude