Irungo Udalak eta Bidasoa Bizirik-ek antolatuta, larunbat honetan, azaroaren 25ean, azken bisita gidatua egingo da Irungo udaletxera. Bisitaldian parte hartu nahi duten guztiek doan eman ahal izango dute izena, Luis Marianoren lorategietako Turismo Bulegora joanda edo 943 020732 telefonora deituta.
San Juan plazan kokatuta, Irungo Udaletxea, hiriko eraikinik enblematikoenetako bat da, eta hiriaren historia hurbileko gertaera nabarmenetako askoren lekuko izan da. Bisitaldian parte hartzen duten guztiek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte Udalaren oinarrizko egonaldiak: Areto Nagusia, Bilkura Aretoa, Batzar Areto…
Bi txanda eskainiko dira: 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Bisitaren iraupena ordubetekoa izango da gutxi gorabehera, eta topagunea San Juan plazan izango da.
Irungo Udaletxearen inguruan
Irungo udaletxea, Gipuzkoako gehienak bezala, XVIII. mendean eraikitakoa, eta garai hartan Europan modan zegoen estilo barrokoko eraikina da. 1756an hasi ziren eraikitzen, Fernando VI.a errege zela, eta 1763an inauguratu zuten, ordurako Karlos III.a errege zela. Horregatik ikusten da bere profila ate nagusiaren gaineko medailoian. Arkitektoa Felipe Crame izan zen, Donostiako gotorlekuko ingeniari komandantea. Udal Kontzejuko burua, aldiz, Domingo Olazabal Rameri zen, Arantzateko jauna, gerora hiriko lehen alkatea izango zena, 1766ko otsailaren 27an Hondarribitik guztiz bereizi zenean. Eraikinaren eraikuntzarekin, bertako aretoekin edota udaletxearen barruan ikusgai dauden udal-pinakotekako obren balio handiarekin lotutako beste gai batzuk ere argituko dira bisitan, besteak beste.
Online bisitak
Gogoan izan, halaber, aukera dagoela udaletxearen bisita birtuala egiteko, Hirigintza arloak iragarri zuen moduan. Proiektu berritzaile hori Udalaren webgunean dago txertatuta. Bisita birtuala San Juan plazan hasten da eta, San Juan Harria eta eraikinaren fatxada nagusia ikusi ondoren, bisitariak eraikinera sar daitezke. Bertan, informazio-puntuak sortzen dira zenbait objekturen gainean, hala nola beirateak, udal-pinakotekako margolanak edo sarrerako kanoiak. Ibilbide birtuala egiteko esteka jarraituz.



