Itsasne Fernandez 23 urteko klarinete-jotzailea Euskadiko Gazte Orkestraren eta Kataluniakoaren kide da. Berriki azken jauzia eman du, Espainiakoan (JONDE) onartua izan baita. Ilusioz gainezka ekin dio lanari.
“Oso urte berezia izan da. Kostata, baina lortu dut. Ordu asko lan egin behar izan dut”. Itsasne pozarren zegoen Espainiako Gazte Orkestra Nazionalaren kide izango zela jakinarazi ziotenean, irundar bakarra. Guztira 60 musikari aurkeztu ziren, baina hiruk baino ez zuten plaza eskuratu.
Dagoeneko ezagutu ditu bere kideak, ehun guztira, eta Zaragozan egin diren lehendabiziko entseguetan parte hartu du. Handik Madrilera joan dira, aste honetan bertako Auditorio Nazionalean estraineko kontzertua emateko. I-tsasne oso gustura sentitu da lehenengo saioetan. “Lan giroa oso ona da. Jendea zinez jatorra da eta musika egiteko sekulako ilusioa dauka.”
7 urtetik klarinetea bidelagun
Txiki-txikitatik saxoa etxean en-tzuna zuen, aitak eta anaiak jotzen zutelako. Itsasne, bost urte zituela, solfeoa ikasten hasi zen; handik bi urtera, musika-tresna aukeratzeko tenorea iritsita, klarineteak erakarrita sentitu zen. Orduz geroztik bidelagun izan du, eta harremanak luze irautea nahi luke gazte irundarrak.
Hamazazpi urte zituenean, erdi-mailako ikasketak burutu ostean, Bartzelonarako bidea hartu zuen, bertako Goi-Mailako Musika Eskolan ikasten jarraitzeko xedez.
Euskadiko Gazte Orkestran sartu zen aurrena, Kataluniakoan (JONC) ondoren.
Lan gogorra aurretik
Sari polita izan da Itsasnerentzat Espainiako Gazte Orkestrako kide izatea; baina, ezbairik gabe, lana erruz ekarriko dio. “Kide guztiok ikasketak bukatu ez ditugunez, bada, tarteka denak elkartu eta entsegu trinkoak egiten ditugu: bi astekoak izan ohi dira, eta eguneroko saioak, zortzi ordukoak”.
Erabat argi dauka etorkizunari begira orkestra batean jardun nahi lukeela profesionalki. “Plazaren bat betetzeko deialdia zabaltzen denean, bada, aurkeztuko naiz, lortu arte”. Bitartean Josep Fuster irakaslearekin jarraituko du, zeinaren irakasteko estilo zorrotza eta aldi berean apala eta goxoa guztiz estimatzen baitu.