Zeramika etxean bizi izatetik, buztina eskuz moldatzera eta proiektu propio bat sortzera igaro da Katrin Pérez de Azpeitia gazte irundarra. Aitonak utzitako oinarritik abiatuta eta Irungo Zeramika tailerrean trebatuz, K.a. Cerámica proiektua jarri du martxan, zaletasun zena pasio bilakatuz. Gaur egun, piezak sortzeaz gain, belaunaldi berriei eskulan horren sekretuak irakasteko aukera izan du Gazteartean zerbitzuak antolatutako tailerretan, pantailetatik urrun eta artisautzari bere balioa emanez.
Nondik datorkizu zeramikarekiko zaletasuna?
Txikitan familian eskulanak egin izan ditugu eta beti gustatu izan zaizkit. Gainera, etxean, nire aitonak zeramika egiten zuen eta etxean berak egindako pieza pilo bat dugu. Orduan, konturatu gabe, beti zeramikaz inguraturik bizi izan naizela esan dezaket. 2023an zeramika nola egiten zen jakiteko gogoa piztu zitzaidan, eta beraz, zeramika egiten ikastera animatu nintzen. Horrela, Irungo tailerrean izena eman nuen eta harrez geroztik hortxe nabil.
Nolatan erabaki zenuen zure zaletasunaren inguruko marka edo proiektu propioa hasi nahi zenuela, izen eta guzti?
Denbora gutxian zaletasuna pasio bihurtu zen, orain guztiz maiteminduta bainago zeramikarekin. Sare sozialetan nire lana partekatzera animatu nintzen, horrela, nik sortutako marka ezagutzera emateko.
Zure proiektua bereizten duen estilo bereizgarririk duzula uste duzu?
Mundu honetan denbora gutxi daramat oraindik, beraz, nire estilo propioa aurkitzeko bidean nago oraindik. Denboraldiaren arabera, kolore batzuk gehiago edo gutxiago erabiltzen ditut edo beste batzuetan beste pasta batzuekin aritzea nahiago izaten dut. Bai esan dezaket, niri gehien eragin nauena aitonaren lana izan dela, esmalteen gainezarpenarekin lan asko egiten baitzuen.
“Niri gehien eragin nauena aitonaren lana izan da, esmalteen gainezarpenarekin lan asko egiten baitzuen”
Katrin Pérez de Azpeitia, Ka. Cerámica
Zure sorkuntzetarako, nolako teknikak eta buztin motak erabiltzen dituzu?
Egia da zeramikaren mundua benetan zabala dela eta oraingoz nik denetarik apur bat egiten dudala uste dut. Pieza gehienak tornuan egiten ditut. Orain arte esmalte komertzialak erabili izan ditut beti, baina aurten formulazioak egitera animatuko naiz.
Norbaitek zeramikaren munduan murgildu nahi balu, zeintzuk dira pieza bat sortzeko eman beharreko oinarrizko pausuak?
Ba nik tailer batera apuntatzea gomendatuko nioke. Agian bada egun bakarreko tailer batera joatea nahiago duen jendea. Behin hori eginda eta gustuko izanez gero, urte osoko tailer bateko ikastaroan izena emateko aukera dago. Zeramikagileen lanaren inguruko ezjakintasun handia dagoela esango nuke. Pieza lehenik buztinarekin egiten da, buztin hezea erabiliz. Horren ostean, labean sartu behar da gogortzeko. Ondoren, esmaltearekin kolorea ematen zaio eta berriz ere labean sartzen da. Beraz, kanpotik ikusita iruditu ez arren, lan handia du atzetik.
Non eta nola ikasi duzu zeramikaren inguruan dakizun guztia?
Aurretik aipatu bezala, Irungo Zeramika Tailerrean hasi nintzen zeramika probatzen. Bertan batez ere modelatzen ikasi nuen. Horren ostean, tornuaren erabileraren inguruko ikastaro trinko ugari egin ditut. Pasa den urtean Hondarribiko tailer batean egon nintzen eta Bartzelonako ikastaro batean ere izan naiz, egia esan, oso gustura. Lanbide bat da eta ikasteko orduak sartu behar dira, baina azkenean emaitzak merezi du.
Gozamena emateaz gain, pazientzia eta denbora asko eskatzen dituen zaletasuna dela esango zenuke?
Bai. Askotan sare sozialetan zeramikan gaizki atera diren proiektu eta piezen inguruko bideoak agertzen dira, baina guztiz normala da hori; zeramikari denbora eskaini behar zaiolako. Azkenean, denbora tarte bat hartu behar duzu, eseri eta pieza txikitxo batean denbora inbertitzeko.
Azkenaldian zeramika modan dagoen zerbait dela nabaritu duzu?
Bai, ni neu ere moda honetara gehitu den horietako bat naiz eta. Nik uste pandemiaren ostean modan jarri zela eta horrek bere gauza onak eta txarrak dauzka zeramikarentzat.
Esaterako, gazte askorentzat, pantailetatik aldentzeko aitzakia bihurtzen ari da.
Halaxe da, bai. Eta artisautzari ere duen balioa ematen ikasi behar dugu. Jende askok uste du zeramika soilik terapia dela eta, bai, horrelako zerbait egiteko zure denbora hartzea terapia baten modukoa izan daiteke.
Irungo Udaleko Gazteria arloaren eskutik jada hainbat tailer eskaintzeko aukera izan duzu. Nola lortu duzu aukera hori eta zer moduzkoa izan da emaitza?
Konekta zerbitzutik nirekin harremanetan jarri ziren, Instagram bidez. Lehenbiziko tailerra Martindozenea Gaztelekuan egin nuen. Tailer hori baoak egiteko beste sukaldaritza tailer batekin lotu nahi izan zuten, beraz, baoak jateko ontzi batzuk egin genituen. Gero, joan den irailean Urdanibia plazaren inguruan UdaTXAO! festa ospatu da, Irunen uda agurtzeko. Bertan tailer ugari antolatu dira eta niri zeramika tailerra gidatzeko aukera eman didate eta oraingoan katiluak egin ditugu.
Nolakoa izan da zure zaletasuna besteei irakasteko eta partekatzeko esperientzia hori?
Ba ilusio handiarekin hartu dut aukera hau, baita urduritasunez ere. Oso gustura sentitu naiz tailerrean parte hartu duten pertsonen aldetik harrera goxoa sentitu dudalako.
Nondik iristen zaizu zure piezak sortzeko inspirazioa?
Ba zeramika egiteko inspirazioa leku askotatik hartzen dut. Adibidez, beste artistetatik, naturako koloreetatik edo baita nire aitonak egin zituen piezetatik. Beraz, inspirazioa mugagabea dela esan dezakegu.
“Ba zeramika egiteko inspirazioa leku askotatik hartzen dut”
Katrin Pérez de Azpeitia, Ka. Cerámica
K.a. Cerámica proiektuaren hurrengo urratsak nola imajinatzen dituzu?
Etorkizunean pentsatuta, bi erronka nagusi ditut buruan. Batetik, nire zeramika espazioari forma ematea. Izan ere, orain arte etxean lan egin izan dut eta Donostian alokatu daitekeen labe bat erabiltzen dut piezak amaitzeko. Beraz, horri forma eman behar diot prozesua errazagoa izan dadin. Horrek, ni neu erosoago egoteko eta lasaiago lan egiteko aukera emango dit. Bestetik, esmalteen mundua hobeto ezagutu nahi dut, horiek formulatzen ikasi eta neure esmalte propioak egin ahal izateko.
Inoiz zeramikaren mundutik bizitzeko aukerarik ikusten duzu?
Ba, gustatuko litzaidake, noski, baina pixkanaka joan nahi dut. Oraingoz nik sortutako piezak Instagram bidez partekatzen ditut, nire lana erakusteko. Gainera, jendeak zerbait zehatza nahi duenean bertatik idazten dit ere. Beraz, momentuz, bide horretatik jarraituko dudala uste dut.
Elkarrizketa osoa Txingudi Online ikusgai duzue.



