Irungo ‘Alkatea auzoetan‘ programaren laugarren edizioa amaierara iritsi da, azken bi urteotan hiriko 17 auzoak bisitatu ostean. 2024ko maiatzean Behobian hasi eta joan den maiatzean Meakan amaitutako ibilbide honi esker, Cristina Laborda alkateak herritarren kezkak, premiak eta proposamenak bertatik bertara entzuteko aukera izan du. Ekimenaren behin betiko balantzea Pinudi auzoan aurkeztu dute alkateak eta auzo-elkarteetako ordezkariek, bilera horietan jasotako eskaeretako baten emaitza den markesina berriaren ondoan.
Datuen errepasoa eginez, 17 saioetan guztira 520 eskaera jaso dira, eta Irungo Udalak horietako 494 hartu ditu bere gain konpromiso gisa. Une honetan, udalak 135 proposamen gauzatu ditu jada, eta beste 253 proiektu martxan edo bidean daude. Gainerako eskaerei datozen hilabeteetan ekingo zaie, eta herritarrek Udalaren webgunean jarraitu ahal izango dute lan horien guztien bilakaera eguneratua. Auzotarrek mahai gainean jarritako gai nagusiak hiriko mantentze-lanei, lorategiei, mugikortasunari, segurtasunari, bizikidetzari, Txingudiko zerbitzuei eta hirigintzari lotutakoak izan dira.
Zifrez haratago, Cristina Labordak eskerrak eman dizkie auzo-elkarteei eta parte hartu duten bizilagun guztiei, “haiek direlako auzoa egunero eraikitzen dutenak”. Alkatearen hitzetan, ekimen hau politika ulertzeko modu baten isla da, entzute aktiboan eta gertutasunean oinarritua: “Entzutea lehenengo urratsa da soilik. Ondoren, konpromisoa hartu eta benetako konponbideak aurkitu behar dira. Auzo guztiek beren ahotsa dute, eta ahots horiek entzunez soilik eraiki daiteke Irun”. Bisiten ibilbidea amaitu bada ere, Udalak hartutako konpromisoen berri ematen eta auzoen premiei lanean erantzuten jarraituko duela berretsi du.



