Irungo Udaleko Giza Baliabideetako, Memoria Demokratikoko eta Lankidetzako arloak ‘Irun Munduarekin Lankidetzan’ Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GGKE) azoka antolatu du datorren iganderako, urriak 18. Topaketa Urdanibia plazan egingo da, 11:00etatik 13:30era bitartean. Aurtengo edizioak orain arteko parte-hartze handiena izango du, guztira 21 erakundek hartuko baitute parte, iaz baino lau gehiagok. Gorka Álvarez Lankidetzako ordezkariak plazan bertan eman du ekimenaren berri, igandean protagonista izango diren erakundeetako ordezkariekin batera.
Azokan zehar, erakundeek askotariko jarduerak jarriko dituzte herritarren eskura: proiektuen inguruko informazioa emateko argazki- eta panel-erakusketak, Nikaraguako txokolatearen zein tokiko produktuen dastaketak, txapak egiteko eta arropa birziklatzeko tailerrak, bidezko merkataritzako salmenta-postuak, haurrentzako jolasak, lagundutako herrialdeetako emakumeek egindako eskulanak, liburuak, arropa eta Lina Ortega margolari kolonbiarrak gidatutako pintura-tailerra. Parte hartuko duten taldeen artean daude, besteak beste, Behar-Bidasoa, DOA, Salvamento Marítimo Humanitario, Etiopía Utopía, Derandein, Agua de Coco, Chiapas Enea, Tadamum eta Emigrados Sin Fronteras.
Gorka Álvarezek azpimarratu du azoka hau tresna ezin hobea dela herritarrek erakunde hauen lana eta laguntzen dituzten pertsonen errealitate gordina hurbiletik ezagut dezaten, elkartasuna sustatuz eta eguneroko keinuetatik mundu berdinzaleago bat eraiki daitekeela gogoraraziz. Horrekin batera, Udalak lankidetza-proiektuetara bideratzen duen aurrekontua handitu egin dela gogoratu du ordezkariak: 2025eko 504.721 euroetatik 539.766 eurora igaro da aurten deialdi irekietara eta dirulaguntza izendunetara bideratutako diru-saila.
Jarduera osagarriak
Azokaz gain, egitarauak beste bi jarduera osagarri eskainiko ditu. Bihar ostiralean, urriak 16, 17:30ean, Palmera Montero gunean ‘Los 300, memoria y verdad en Colombia’ bederatzi kapituluko web-seriea proiektatuko da Emigrados Sin Fronteras elkartearen eskutik, Kolonbiako gizarte-liderrek eta giza eskubideen defendatzaileek jasaten dituzten mehatxuak nahiz hilketak gizarteratzeko. Bestalde, datorren asteazkenean, urriak 21, 17:00etan, bidezko merkataritzako txokolate-dastaketa zentzumen-saioa eskainiko du Adeco elkarteak Esku Hartze Komunitarioko aretoan (Iraso egoitzaren aurrean), kontsumo arduratsuaren eta kakaoaren ekoizpen-baldintzen inguruan kontzientziatzeko.



