Colón pasealekuak Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen azoka hartuko du irailaren 29an, igandean. Guztira, 22 erakundek parte hartuko dute azoka, garapenerako lankidetzan eta hezkuntzan eta giza eskubideen defentsan aktiboki lan egiten dutenak. Azoka goizeko 11:00etatik 13:30era egingo da.
Sandra Caballero Gizarte Ongizateko ordezkariaren hitzetan, Irungo Udalak benetako bake eta bizikidetza kultura garatu beharrean sinisten duelako egiten da jarduera hau. “Gainera, beronen helburu nagusietako bat herritarrei Irungo Udalak diruz laguntzen dituen garapen proiektuen berri ematea da, eta eskualdeko eta Euskal Herriko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek garapenerako lankidetzaren esparruan egiten duten lana erakustea, gertutik, proiektuetan parte hartzen duten boluntarioen bitartez”, azaldu du Gizarte Ongizateko ordezkariak. Irungo Udalak igortzen duen izendun dirulanguntza kantitatea GGKE ezberdinen artean 106.811 eurokoa da.
Azokan, hiriko erakundeez gain, beste entitate batzuk ere izango dira, Irunen egoitzarik izan ez baina Udalak babesten dituen lankidetza proiektuen bitartez udalerriarekin lotura estua dutenak. Jardunaldiaren helburua da erakunde bakoitzaren proiektu eta jarduerei buruzko informazioa ematea eta irundarrei azaltzea zer-nolako egoeran dauden hainbat herrialde eta herri, hala nola Bolivia, Guatemala, El Salvador, Kolonbia, Paraguai, Ruanda, Togo edo Etiopia.
Askotariko proiektuak egiten dituzte GGKEek, eta horien berri emango dute azokan: egindako lankidetza-proiektuak, argazki-erakusketak, artisautzako produktuen eta kamiseten salmenta, txapak egiteko tailerra, etab. Erakusmahaietan, hainbat herrialdeetan egiten duten lana gertutik ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.
Goiz-goizean, Koroma eta Aishiba jamaikar dantza urbanoko tailer bat eskainiko dute. Eguerdian, “Grupo de Danza Nuestras Raices” taldeak Ekuadorreko eta Amerikar kontinenteko tradiziozko dantzen ekitaldi bat eskainiko du, Novici Percusión talde afrikarrak jarraituko die.
Parte-hartzaileak
Hauek izango dira aurtengo edizioan parte hartuko duten erakundeak: Helduak, Freytter, Etiopiautopia, Fundación Vicente Ferrer, Asamblea Cooperación Por La Paz, DOA, Tadamun, Txingudi Vida Solidaridad Internacional, Emigrados Sin Fronteras, Oscar Romero, Zaporeak, FISC Euskal Herria, Asociación Ayudemo A Un Niño, Adeco, Enraiza, Derechos Gipuzkoa, Behar Bidasoa, Egoaizia, Lankidetzarako Ingeniaritza, Salvamento Marítimo Humanitario, Taupadak, Chiapas Enea