Oporrak Bakean proiektuari esker Tadamun elkarteak Saharako haurrei urtero opari bat egiten die

Oporrak Bakean haur errefuxiatu sahararren udako harrerarako programa da. Tadamun elkarte irundarra Oporrak Bakean proiektuaren garapenean inplikatutako Gobernuz Kanpoko Erakundeetako (GKE) bat da. Aurtengo udan helburua Euskadi mailan 300 haur sahararrei ongietorria egitea da eta horretarako Tadamun elkartea harrera familien bila dabil.

Dagoeneko urte asko pasatu dira errefuxiatu kanpamentuetatik Euskal Herrira haur sahararren lehen taldea uda pasatzera heldu zenetik. Oporrak bakean programari esker, haur sahararrek uda basamortuetatik eta errefuxiatu kanpamenduetatik kanpo pasatzeko aukera dute. Hortaz, familia euskaldunek Herri Sahararrari lagundu eta beste kultura batekin elkarbizitzeko aukera dute.

Juncal Bauzá eta Trini Fernández elkarteko kideak dira eta harrera familien esperientzia ondo baina hobeto ezagutzen dute, esperientzia lehenengo pertsonan bizitzeko aukera izan baitute. Juncal Bauzák adierazi duenez, “azken urteetan beherakada handia izan da Saharako haurrak hartzeko prest dauden familien kopuruan”. Hain zuzen ere, duela lau edo bost urte eskualdera 10 edo 14 haur etortzen ziren bitartean, iaz 2 etorri ziren bakarrik. Aurreko urtea arraroa izan zen, pandemiak lanketa prozesuan atzerapenak eragin zituelako eta haurrak abuztuan etorri zirelako bakarrik. Hori dela eta aurten ohiko zifrak berreskuratu nahi dituzte, haurren harrerarako ahal bezain beste familia lortuz. Tadamun elkarteko kideek azaldu dutenez, beherakada pandemiaren aurretik hasi bazen ere, Covid-19aren izurritearen ostean are nabariagoa egin zen. Era berean, Bauzák gaineratu du, errefuxiatu sahararrak bigarren edo hirugarren planora pasa direla, Ukrainako gerrak herritarren arreta bereganatu baitu.

Elkartasun keinu erraldoia

Saharako haurrentzat uda Euskadin igaro ahal izatea opari handia da. Izan ere, udan zehar Saharako basamortuan 50º baino gehiagoko tenperaturak erregistratu ohi dira, garai horretan oso ohikoak diren harea ekaitzez gain. Gainera, pandemiaren ostean Saharan elikagai gabezia areagotu egin da, haurren elikadura kaltetuz.

Udako bi hilabeteetan zehar haur saharar baten harrera familia izateko bete beharreko baldintzak “oso xumeak” dira Tadamun elkarteko kideek azaldu dutenez. “Proiektuan parte hartzeko garrantzitsuena laguntzeko gogoa izatea da”, adierazi du Juncal Bauzák. Trini Fernándezek erantsi duenez, “familiei udan zehar haur saharar bat zaintzeko konpromisoa eskatzen zaie bakarrik”. Era horretan, udan zehar haurra zaindu ahal izateko denbora izatea da oinarrizko bete behar bakarra, Juncal Bauzák “familia handi” moduan deskribatu duen proiektuaren parte izatera pasa ahal izateko.

Tadamun elkarteko kideek gogoratu dute, harrera familia izateak ez duela aparteko ahalegin ekonomikorik eskatzen. “Mahai gainean beste makarroi plater bat jartzea bezain sinplea da”, adierazi du Juncal Bauzák. Hain zuzen ere, osasun azterketek eragin ditzaketen gastuen ordainketaz Gobernuz Kanpoko erakundeak arduratzen dira. “Hala ere, Tadamun elkartean uneoro hor gaude familiei behar duten laguntza guztia eskaintzeko, adibidez, haurrarentzako arropa lortzen laguntzeko”.

Alde biko harremana

Udako bi hilabeteak Euskadin igaroz haurren osasuna era nabarmenean hobetzen da, egunean bost bazkari eginez elikadura orekatu eta elikagai freskoak kontsumitzeko aukera baitute. Era berean, bi hilabete horietan zehar haurrei beharrezko osasun azterketak egiten zaizkie, ikusmen edo entzumen arazoak edo hortzetako arazoak atzeman eta horiei konponbidea eman ahal izateko. Gainera, haurrek bi hilabetez beste errealitate bat ezagutzeko aukera dute, gizarte euskaldun eta sahararraren arteko harremanak indartzen diren bitartean.

Trini Fernándezen hitzetan, harrera familia izateko erabakia hartzerakoan “nire ustez zailena lehenengo pausua ematea da”. Izan ere, erabakia hartu aurretik familiak duda-mudatan ibili ohi dira, gaizki egingo ote dutenaren beldur. Trini Fernándezek argitu du, “behin erabakia hartuta, dena ondo ateratzen da konturatu gabe”. Tadamun elkarteko kideek baietsi dute harrera familia izatea pertsona baten bizitzako esperientzia onenetako bat izan daitekeela. Juncal Bauzáren hitzetan, “gauza asko jasotzen eta ikasten dira haur horiengandik”.

Euskadira uda pasatzera etorri diren haurrek 8 urte dituzte, hau da, 2015. urtean jaiotakoak dira. Trini Fenándezek aipatu duenez, “haurrak primerakoak dira”, beraien egokitze prozesua ere horrelakoa izaten dela gaineratzeko, nahiz eta haurraren izaeraren araberako izan. Juncal Bauzák azaldu du, “haurrak oso gogotsu datoz eta guk ematen diegun guztia aprobetxatzen dute”. Gainera, Tadamunek oso harreman estua du Irunen bizi diren Sahararrekin eta beraiek ere beti prest daude ahal duten guztian laguntzeko. 

Familia berrien bila

Oporrak Bakean programa urtero antolatu ahal izateko beharrezkoa da pertsona eta erakunde askoren lana. Programaren antolaketan parte hartzen duten Elkarte eta Udalek harrera familiekin harreman zuzena daukate. Irunen kasuan, Tadamun da bitartekari lan hori egiteaz arduratzen den GKEa. Juncal Bauzák azpimarratu duenez, “antolaketan inplikatuak gauden boluntarioez gain, harrera familien parte hartzea ezinbestekoa da proiektua aurrera ateratzeko”.

Oporrak Bakean proiektuak 2023ko udan 300 haur sahararrentzako harrera familiak lortzeko erronka ezarri dio bere buruari. Juncal Bauzák aipatu duenez, “horregatik, Irunen kopuru eder bat lortzea gustatuko litzaiguke ahalik eta haur gehien ekarri ahal izateko”. Proiektuan parte hartzeko asmoa dutenek edo oraindik zalantzetan daudenak Tadamun elkartearekin harremanetan jarri daitezke tadamum@hotmail.es helbide elektronikora idatziz. Era berean, Oporrak Bakean proiektuko arduradunekin harremanetan jarri daitezke oporrakbakean@gmail.com helbidera idatziz, webguneko formularioa betez edo 696 014 786 telefono-zenbakira deituz.

Tadamun elkarteak uda honetan eta aurrerantzean ere, beharrezkoak diren guztietan, bere lanari eutsiko dio Saharako herriari laguntzeko. “Aurtengoa azkeneko urtea izatea espero dugu, itxaropena ez delako inoiz galtzen eta behingoz Sahara librea izatea nahi dugulako”, gehitu du Juncal Bauzák. Bitarte horretan, euskaldunek udan haur sahararrei beren etxeetako goxotasuna oparitzen jarraituko dute.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude