Jaione jaialdi kuir transfeministak gozamenerako eta aldarrikapenerako espazioak proposatzen ditu irailaren 28rako, larunbaterako. Uda hasi aurretik antolatu ohi den Jaion jaialdian oinarrituz, oraingoan, musikaz gain, beste arte espresio batzuetara zabaldu nahi izan da ekimen berri hau. Jaialdia Mosku plazatik abiatuko den bizikleta martxarekin hasiko da eta festak Lakaxitan jarraituko du.
Irunen eta inguruan aski ezaguna da uda hasi aurretik egiten den “Jaion” jaialdia. Kamioia Moskuko plazatik Lakaxitara bidean atera ohi da; kamioia martxan dagoela musikari desberdinak egoten dira bertan dagoen eszenatokian. Jendea atzetik joaten da jai-giro apartan. Gaztetxean kontzertuak egoten dira ondoren eta gauera arte luzatzen da. Ibilbidean zehar emanaldi desberdinak ere egiten. Hain zuzen ere, aurtengo udaberrian 20.urteurrena ospatu da
Lehenengo edizioa
Jaione jaialdiaren lehenengo edizioa irailaren 28an, larunbatean, egingo da. Jaialdiko lehenengo ekitaldia bizikleta martxa izango da, arratsaldeko 17:00etan Moskuko plazatik Lakaxitara bidean irtengo dena. Ibilaldia musika-pintxadak girotuko du Balazta elkartearen laguntzaz. Nahi duenak oinez ere egin ahalko du. Gaztetxean manifestuaren irakurketa egingo da.
Ondoren, salsa eta batxata kuir eskola izango dugu Nerea Hernandez dantzari donostiarraren eskutik. Jarraian, Drag emanaldia izango da AyDragmela talde bizkaitarren eskutik. Iruñeako Plazeratu kolektiboko maKeda eta Adrien Bodyren pintxadak izango dira afalostean. Gaueko azken emanaldiak bertakoen eskutik datoz: Alicia Kiss eta Julene Queen-ek pintxada eta show-a eskainiko dituzte eta bukatzeko Lola Von Pololak pintxada dantzagarri zein zoragarria eskainiko ditu. Afari begano goxoa egongo da nahi duenarentzat 5€-an. Egitarauaz gozatzeko 8€-ko sarrera orokorra kobratuko da eta prekarizatuentzat 5€-koa.
Espazio seguru eta goxoa bermatzeko brigada ere antolatu da denek aske eta lasai goza dezaten. Pertsona guztiak izango dira ongi etorriak, ez aldiz jarrera guztiak. Autogestionatutako egitaraua izanik txandak antolatu dira. Antolatzaileek dioten moduan, “ez da magia, auzolana baizik”. Beraz, laguntzeko prest dagoena antolakuntzakoekin harremanetan jar dadila. Igandean garbiketa txanda ere izango da.