Irungo Udalak beste urrats bat eman du ‘Alkatea Auzoetan‘ saioetan hartutako konpromisoak betetzeko, Belaskoeneako San Antonio de Padua haurrentzako jolas-gunean estalki bat eraikitzeko eta Juan Thalamas Labandibar zein Dario de Regoyos kaleen artean igogailu bat instalatzeko proiektuak idazten hasi baita. Hiriko espazio publikoak hobetzera eta herritarrentzat irisgarriagoak zein erabilgarriagoak izatera bideratutako bi jarduera dira hauek, eta joan den maiatzeko osoko bilkuran onartutako aurrekontu-aldaketan sartutako partidei esker bideratu dira.
Proiektuen xehetasunei dagokienez, Belaskoeneako San Antonio de Paduako haurrentzako jolas-gunearen estalkiaren proiektuaren idazketak 30.000 euroko aurrekontua du. Ekimen honen helburu nagusia da haurrek espazio hori meteorologia-arazoak alde batera utzita erabili ahal izatea, eta bide batez, gaur egungoak ordezkatuko dituzten joko-elementu berriak instalatzea. Bestalde, Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos kaleen arteko igogailua jartzeko proiektuaren idazketarako 40.000 euro bideratu dira, Udalak herritarrei bi kale horien arteko desnibel edo kota-aldea gainditzeko alternatiba erabat irisgarria eskaini nahi zielako.
Cristina Laborda alkateak azpimarratu duenez, auzoak dira Irungo bihotza eta hiri bat ez da soilik proiektu handien bidez eraldatzen, baizik eta egunero zeharkatzen diren kaleak nahiz parkeak hobetuz eta espazio publikoak guztiontzat irisgarriago eginez. Labordak gaineratu du ‘Alkatea Auzoetan’ ekimenaren helburua ez dela auzoak bisitatzea bakarrik, baizik eta bertan egotea, herritarrei entzutea, erantzutea eta hitzemandako nahiz Gobernu Programaren parte diren konpromisoen jarraipena egitea, azken finean hiri kohesionatuagoa, atseginagoa eta irisgarriagoa eraikitzen jarraitzeko.



