Toño Puerta, Taupadak GKEko lankidea

“Munduari Amazoniako Bolivia erakutsi diogu”

Ez zen Boliviara egiten zuen lehenengo bidaia. 2004ko hartan, ordea, erabaki potoloa zeraman maletan: San Ignazio Moxosen biziko zen, Irun eta kazetari lana utzita. Harrez gero, Taupadak GKEaren bitartez, bertako indigenen aldeko hamaika egitasmori emana bizi da. Herri hartako musika taldeari esker, Amazoniako Bolivia ezaguna da mundu zabalean.

Toño_1

– Nolatan hartu zenuen erabakia?
Ez nuen egun batetik bestera hartu. 1996tik urtero joaten nintzen lankidetza proiektuak garatzera, eta pixkanaka hango bizitzak harrapatu ninduen: ibaian ibili, harremana indigenekin… Ez zen ihesa izan; hango bizimoduak gehiago asebetetzen ninduen eta egin ahal nuen ekarpena handiagoa zela ikusi nuen, besterik ez.
Aurretik hainbat herrialde korrituak nituen; baina beste kultura batzuk ezagutzea nahikoa ez zela sentitzen nuen, konpromisoa behar nuen. Bolivian gotzain zegoen Manuel Egiguren gipuzkoarra ezagutu nuenean garapenaren aldeko Euskadiko laguntzak hara bideratzea pentsatu nuen.
– Zein izan dira aurrera eramandako proiektuak?
Bidasoaldeko GKE den Taupadak, alde batetik, hezkuntzaren eta kulturaren alorretan dihardu, eta bestetik, egitasmo produktiboetan zein lurren jabetzaren ingurukoetan. Gaur egun indigenen 70 komunitate baino gehiagok lurren jabetza-agiria dute. Oso inportantea da etorkizuna bermatzeko.
Bestalde, proiektuen artean izarra San Ignazio Moxoseko musika eskola da. Eskola xume bat zena gaur egun goi mailako institutua da. Bertako Ensamblea (taldea) Bolivia kulturanitzaren eta etnianitzaren enbaxadore bilakatu da. Amazoniako Bolivia erakutsi diogu munduari.

Txantxangorri_2
– Zein dira zuen diru iturriak?
Euskadiko erakundeak eta baliabide propioak. Azken hauen artean aipagarrienak dira Taupadak egutegia, Sagardo Eguna, bazkideen kuotak eta bestelakoak, esaterako, ongintza afariak. Fernando de la Herak koordinatzen ditu jarduerok Bidasoaldean.
Eskolak Irungo Udalaren laguntza dauka; baina, batik bat, bi urtean behin egiten dituen birak dira diru iturri.
– Zer moduz joan da aurtengoa?
Ikaragarria izan da. Irailetik abendura 90 egunez ibili gara Europako 8 herrialdetan barrena eta guztira 70 kontzertu eskaini ditugu. Gehiago egiteko eskaerak genituen, baina ezin!
Boliviako eta Europako hedabideetan izan duen oihartzuna izugarria izan da. Moxoseko Ensamblea bere musikaren kalitateagatik ezaguna izatea lortu dugu, ez soilik Amazoniako indigenez osatua den taldea delako. Denak denetarik egiteko gauza dira: musika-tresna jo, abestu, dantza egin eta antzeztu.

Jesuiten musika berreskuratu

XVIII. mendean jesuitak Espainiako inperiotik bota zituen monarkiak. San Ignazio Moxoseko misioa bazuten. Jesuiten espiritualtasuna eta kultura hoberen kontserbatzen den tokia da gaur egun. Misioetan utzitako ondare musikala ahozko tradizioari esker iritsi da gaurdaino. Pieza horiek zahar ba-tzuek baizik ez dakizkitenez, galbidean daude. Horregatik, bi urtean behin Moxoseko Ensambleak disko bat grabatzen du, berreskuratutako konposizio sorta biltzen duena. Ikerketa-lanaren emaitza emanaldietan txertatzen dute. Jendeak bereziki gustuko ditu mestizoak direlako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude