Bidaia ikuskizunak data berria du: irailaren 23an Beran emanaldia eskainiko du. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera Euskal Herriko historia musikaren bitartez kontatzen duen ikuskizunaz gozatu ahalko da Toki Ona kiroldegian. Sarrerak 7 eurotan salduko dira Berako Agara Pentsa eta Lesakako Tellechea estankoan. Era berean, esteka honetan ere online erosteko aukera egongo da.
Bidaia ikuskizuna
René Zugarramurdik abesbatzentzat eta orkestrentzat pentsatutako ikuskizuna sortu du. Lana 5 zatitan banatuta dago, eta horietan euskal lurraldearekin lotutako aldi historiko garrantzitsuenak erakusten dira, historiaurretik gaur egunera arteko gertaerak barne hartuz. Lana osatzen duten testuak latinez, gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz idatzita daude.
Guztira Euskal Herriko 200 musikari eta abeslarik hartuko dute parte. Hendaiako orkestrak, ehun abeslari baino gehiago dituzten 4 abesbatzak, haur koru batek, gitarra jotzaile batek eta bakarlari gisa arituko den mezzo-soprano batek osatzen dute talde artistikoa. Bidaia, Euskal Herri osoko 200 artista baino gehiagok osatzen dute, euskal lurraldeko memoriak berraurkitu nahian.
Ipar Euskal Herriko, Euskadiko eta Nafarroako talde amateurrek parte hartzen dute proiektuan. Zehazki, Lesakako Giltzarri, Irungo IGA eta Hondarribiko Eskifaia abesbatzek bat egingo dute Kanboko Arraga eta Angeluko Argileak abesbatzekin. Bestalde, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko musikariek joko dute Hendaiako banda osatzeko. Gainera, Hendaia, Hondarribia eta Baionako haurrek osatutako abesbatza sortu da, ekitaldi honetarako bakarrik.
Ikuskizunak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. Era berean, soinuen eta argien efektuak izango ditu, emanaldia osatzen duten musika-piezen bidez sortutako giroak eta koloreak nabarmentzeko. Kontzertuetan, artxiboko argazkiak proiektatzen dira agertokiaren gainean jarritako pantaila erraldoi batean, eta horrek ikusleei bidaian sartzeko aukera ematen die.
Bidaia kontakizun historiko bat baino zerbait gehiago da. Musika, kantuak, efektu bisualak eta argazkigintza nahasten dituen bidaia bat da, denboran eta espazioan. Obra edukiera handiko lekuetan antzeztuko da eta mota guztietako ikusleei zuzenduta dago. Ikuskizunak pixkanaka eboluzionatuko du lurraldearen etorkizuna irudikatu arte. Zehazki, haurren abesbatzaren azken esku-hartzeak etorkizuna eta belaunaldien arteko transmisioa sinbolizatzen ditu.