Irunabar Irungo bertsoaren bilguneak disko bat plazaratu du, Gure Berts(i)oa, irundarrak bertso kantari izenburukoa.
Irunabar Irungo bertsoaren bilgunea duela urtebete hasi zen dagoeneko plazan den diskoari buruzko lehen zirriborroak egiten.
Bilgunearen asmoa “Irungo herriak berez baduen baina askotan isilean pasatzen den bertsozaletasunari forma berezia ematea zen. Ez betiko formatuan, ordea, ezberdina izango zen modu batean baizik. Hori horrela, Irungo bertsolari, bertsozale eta bertso eskoletako lagunei, guztiok komunean dugun zaletasuna ardatz izanik, eskaintza berezi bat egitea pentsatu genuen; bertso musikatuz osatutako disko bat egitea”.
Bertso sorta bat sortu (edo hautatu), eta norberak erabakitako egitura, erritmo, estilo eta musikarekin janztea zen baldintza bakarra. “Konturatzerako, dozenatik gora lagun baginen auzolanean sortu den proiektu honetan parte hartu nahi genuenak, eta 14, azkenerako musikatu ditugun bertso sortak”, azaldu dute Irunabarretik.
Baina ez dira kantuan aritu direnak diskoan parte hartu duten bakarrak. Musikariak, maketagilea, marrazkilaria, gurasoak zein gure herriko bertso ondarea biltzeaz arduratu direnak ere diskoaren partaide dira, eta guztira 50 lagunetik gorako taldea osatu dute.
GURE BERTS(I)OA, irundarrak bertso kantari du izenburu disko honek. En-tzuleak hauxe topatuko du: “Bakoitzak gure herriarekiko, historia nahiz istorioekiko, sentimenduekiko edo bizitzarekiko dugun bertsioa azaltzen duen kontakizun intimoz osatutako adierazpen kolektiboa”.
Diskoa 10 €tan salgai da jada, honako salmenta-puntu hauetan:
– Sunbilla
– Hazia
– Kabigorri
Sarean:
irunabar@gmail.com edo
irunabar.wordpress.com
Horretaz gain, diskoa ezagutzera emateko eta eskuratzeko bideen berri emateko, Irunabarrek bideo bat prestatu du.
http://www.youtube.com/watch?v=x_5WIz-f2O8