XIX.edizioa edukiko du Alberto Gorriz futbol txapelketak
Ibilbide luzea du, jada, Alberto Gorriz futbol zazpi txapelketak. XIX.edizioa edukiko du aurten, Carlos Semperrek eta Aitor Cajok antolatzen duten lehiaketak. Ekainaren 16-17 eta 23-24ko asteburuetan jokatuko dute, Stadium Gal futbol zelaian. Irabazten duen taldeak Madrilera bidaia irabaziko du, Realaren partida ikusteko sarrerak barne.
Lagunartean sortu zen Alberto Gorriz futbol zazpi txapelketa antolatzeko ideia. “Lehen Santo Tomas eguneko txapelketa egiten zen Uranzun, gero areto futboleko beste batzuk egon dira. Guk futbol zazpi txapelketa bat antolatzea pentsatu genuen, belarrean eta sanmartzialetan”, azaldu du Carlos Semper antolatzaileak: “Alberto Gorrizen izena jarri genion, Irunek izan duen futbol jokalari onena izan delako. Berak ondo hartu zuen proposamena, eta laguntza handia eskaintzen digu”. Arrakasta eduki zuen txapelketak hasieratik, parte hartzeari dagokionez. Pasadizo bitxiak dituzte, alde horretatik: “Behin Iruñetik deitu zuen norbaitek, izena emateko intentzioarekin. Galdetuz ea benetan Madrilera bidaia zen saria”, aipatu du Semperrek: “Osasuna Bko ordezkaria zen”.
“Izena ematen duen taldeko partaideen erdiak eskualdekoa behar du izan”
Carlos Semper, antolatzailea
Halako egoerak zirela eta, eskualdera mugatu dute taldeen jatorria. “Gaur egun, izena ematen duen taldeko partaideen erdiak eskualdekoa behar du izan”, jakinarazi du Semperrek. 25-30 talde inguru edukitzen dituzte orain. Bost edo sei taldeko multzoak egiten dituzte, eta hiru edo lau onenak pasatzen dira kanporaketetara. “Final laurdenetara iritsita, jendea urduri jartzen da, tentsio handia izaten da”, onartu du Semperrek: “Orain ez dugu istilu handirik edukitzen, jendeak elkar ezagutzen duelako. Lehen, kanpoko jendea zegoenean, giroa okerragoa izaten zen”.
Liskarrak ekiditeko, garrantzitsua izan da ordutegian egin duten aldaketa. Lehen goizean goiz hasten ziren, talde gehiagok parte hartzen zutelako. “Jende asko lo egin gabe etortzen zen”, onartu du Semperrek. Orain eguerdian hasten dira partidak Stadium Galen. Ordutik aurrera, egun osoa pasatzen dute Semperrek eta Cajok Galen, epaileen laguntza bakarrarekin. Gustura egiten dutela baieztatu du Semperrek, baina onartu du pixkanaka lekukoa gazteei uzteko gogoz daudela. 25.urteurrenera arte iritsi nahiko lukete, hala ere. Edizio berezi bat egiteko, babesleak lortu eta sari handiagoak eskainiz.
“Aita-semeak eduki ditugu elkarren kontra”
Carlos Semper, antolatzailea
200 euro talde bakoitzeko
Hamabi taldekide eduki ditzake Alberto Gorriz futbol txapelketan izena ematen duen talde bakoitzak. Taldeko 200 euro balio du izen-emateak. “Gaztetxo asko edukitzen dugu, 18-20 urte ingurukoak. Gero beterano asko ere bai, 40tik gorakoak. Askotan, aita-semeak eduki ditugu elkarren kontra. Oso dibertigarria izaten da”, azaldu du Semperrek. Tarteko adinetan, aldiz, ez dira hainbeste talde animatzen. Emakumeren batek parte hartu izan du noizbait, baina orain arte, emakumeek osatutako talderik ez da atera. “Gustatuko litzaiguke”, adierazi du Semperrek.