Klubaren errutinari etxetik eusteko modua topatu dute Bidasoa Xake Klubean

Xake aurrez aurreko kontaktuan oinarritutako kirola izan arren, Bidasoa Xake Klubean konfinamenduan zehar klubeko jarduera egokitu eta etxetik jolasten jarraitzeko modua topatu dute. Horrela, klubeko kideek xakea praktikatzeko klaseak jasotzeaz gainera, klubean zein Gipuzkoa mailan antolatutako txapelketetan parte hartzeko aukera izan dute Carlos Pascual klubeko lehendakariorde eta ekintzen arduradunak adierazi duenez.

Osasun krisiaren hasierarekin, zeintzuk izan ziren klubean hartutako lehen neurriak?
Ikastetxeak itxi behar zirela ikusi genuenean, aurrez aurreko klaseak eta hurrengo asteetako txapelketak bertan behera uztea erabaki genuen. Egoera luzatzen zenez, jarduerekin era telematikoan jarraitzea erabaki genuen, kirolak horretarako aukera ematen zuela ikusita.

Ikastaroekin jarraitzeko aukera eman dizue horrek?
Klubeko kideei eskolak emateaz gainera, teknologia berriek etxetik txapelketak jokatzeko aukera eskaintzen digute . Egia da hasieran aplikazioen erabilerara ohitzeko zailtasunak izan genituela, baina, orain oso ondo moldatzen gara eta, aurreikusita genuen moduan, ekaina erdialdera arte eskolak ematen jarraituko dugu. Hortaz gain, astero txapelketak antolatzen ditugu, nahiz eta hasieran aplikazioak arazoak eman zizkigun.

Ikasleen formazioa laguntzeko materiala partekatu duzue?
Bai, ikasleek teoria eskura izatea nahi genuen eta, horretarako, webgunean interesgarriak izan daitezkeen edukiak partekatu ditugu. Hortaz gain, klaseetan eduki horietan sakontzen dugu. Eduki honen bitartez etxeko denbora librea aprobetxatzera gonbidatu ditugu.

Nola banatzen dituzue ikasle taldeak?
Jakintza maila da irizpide nagusia eta, horretarako, ikasleak maila ezberdinetako taldeen arabera banatu ditugu, ohiko ordutegiak errespetatu arren. Adinak nahastea berdin zaigu, baina maila ezberdinak bereiztea garrantzitsua da, zalantzak argitu eta gauza berriak ikasten jarraitzeko.

Eskualdeko biztanleen artean xakera jolasteko gogoak piztu direla nabaritu duzue?
Bai, eskualdeko talde bat garenez, informazio interesgarria webgunean biztanle guztien eskura partekatzea aproposa iruditu zaigu. Era honetan, kirola ezagutzen ez zutenek gauzak ikasi eta probatzeko aukera dute. Gainera, datorren ikasturtera begira klubean izen-eman nahi duten pertsonen eskariak jaso ditugu jada. Hortaz gain, konfinamenduan zehar xakearen hastapenerako ikastaro bat martxan jarri dugu eta jende askok aprobetxatu du.

Eskolez gainera, txapelketak antolatzen jarraitzen duzue?
Astero antolatzen ditugu. Parte-hartzaileak aplikazioan erregistratu eta oso ondo moldatzen dira ordenagailutik jolasteko. Bi kategoria bereizten ditugu, jokalariek kategoriaz aldatzeko motibazioa izan dezaten eta diplomak bezalako sari sinbolikoak banatzen ditugu tarteka . Hortaz gain, Gipuzkoako beste kluben kontrako txapelketa batean ere parte hartu genuen.

Garrantzitsua da, etxetik bada ere, praktikatzen jarraitzea?
Bai, gainontzeko kiroletan bezala, oso garrantzitsua da xakea etengabe praktikatzea. Orain, denbora libre asko izan dugula aprobetxatuz, entrenatzen jarraitu eta ikastaroak egiteko aprobetxatu dugu. Izan ere, txapelketetara itzultzen garenean jokatzeko ohitura mantentzen dugula ikusi eta kategoriaz igotzea gustatuko litzaiguke.

Klubeko haurrek zein haien familiek konfinamenduan martxan jarritako jarduerak eskertu dituzte?
Asko gainera, batez ere, konfinamenduak zehar ekintza hauek haurrak entretenitzeko laguntza handikoak izan dira familiek azaldu digutenez. Izan ere, hasieran etxetik atera ezin zirenean denbora libre asko zuten. Hortaz gain, haurrek ere gogoz jaso dituzte proposatutako ekintzak.

Noiz aurreikusten duzue aurrez aurreko partidak jokatzera itzuli ahalko zaretela?
Ikasturte hau era telematikoan amaituko dugu, baina, udaran aurrez aurreko ikastaroak egiteko asmoa dugu, beti ere, agintariek horretarako baimena eman ostean. Udako ikastaro horiek klubeko kide diren zein kide berrientzat pentsatuta daude.

Xakearen kasuan, erraza da kontaktua saihesteko segurtasun neurriak errespetatzea?
Ekintzak antolatzen ditugunean neurri bereziak hartu beharko ditugu, izan ere, jokalariek taula zein fitxak partekatzen dituzte normalean. Arauak betetzeko, jokalarien arteko ohiko distantzia bikoizteaz gainera, jokalari bakoitzak taula eta fitxa propioekin jolastea ideia ona izan daitekeela uste dugu, bertan, bere mugimenduez gainera, pareko jokalariak egingo dituen mugimenduak erreproduzituz.

Oso desberdina da xakera aurrez aurre edo internet bidez jokatzea?

Bai, guztiz. Izan ere, internet bidez jokatzerakoan aurkariaren keinu zein begiradak galtzen dituzu eta, horrela, bere estrategia edo ziurgabetasunak antzematea zailagoa da. Izan ere, xakean alde psikologikoak garrantzi handia du. Hortaz gain, oso ezberdina da taula bi dimentsioetan edo hiru dimentsiotan ikustea. Hala ere, egoera ezohiko honek iraun bitartean gutxienez internetek praktikatzen jarraitzeko aukera eman digu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude