Hamar urte beteko ditu aurten Koadrilen Egunak

Olinpiadak eta Herri bazkaria egun berean ospatuko dira aurten ere

Aurtengo edizioarekin Koadrilen Egunak hamar urte beteko ditu. Ekainaren 23rako Betti Gotti Elkarteak egun osoko egitaraua antolatu du, koadrila giroa Irungo kaleetan zehar zabaltzeko. Hamargarren urteurrena ospatzeko kolore granateko zapia aukeratu da eta Gozategi taldearen kontzertua izango da Ficobako bazkariaren ostean.

Eguna goizeko 9:30etan Urdanibia Plazan egingo diren olinpiadekin hasiko da. Azken urteetan bezala, aurten ere olinpiadak egun bakarrean ospatuko dira, Koadrilen Egunean bertan. Aurtengo olinpiadak euskal jokoetan oinarriturik egongo dira eta koadrila irabazleak zortzi pertsonentzako bidaia irabaziko du. Olinpiadetan parte hartzeko izen-ematea Herri Bazkarirako tiket salmentaren egun berean egingo da.

Ekainaren 23ko goizean zehar, olinpiadak egiteaz gain, kale animazioa izango da alde zaharreko inguruan. 13:00etan abiatuko da Urdanibia Plazatik Ficobarako bidea alaituko duen txaranga. Bazkariaren ostean, ateak zabaltzen direnean, Koadrilen Egunaren hamargarren urteurrena ospatzeko, Gozategi taldeak kontzertua emango du. Ondoren, bestelako musika ere egongo da, 20:30etan ateak itxi eta Ficobatik itzultzeko kalejira abiatzen den arte.

Egun, Herri Bazkaria Koadrilen Eguneko ekintza arrakastatsuenetako batean bihurtu da. Izan ere, urtero, 1.800 pertsona inguruk izena ematen dute Ficobako pabilioietan ospatzen den bazkarian. Hala ere, Herri Bazkaria ondo joan dadin, Betti Gotti elkarteak errespetua ezinbestekoa dela adierazi du. Era berean, inork egunean horretako ekintzetan era boluntarioan lagundu nahiko balu, elkarteko arduradunekin harreman jarri daiteke posta elektroniko honen bitartez: bettigotti@hotmail.com

Tiket salmenta

Bi egunetan saldu ziren San Juan plazan Herri Bazkarirako sarrerak. Sarrerak zenbakituak direnez bi lerro osatu ziren sarrerak saltzeko, Ficobako pabilioien banaketa errespetatuz. Hau da, alde batetik, 24 urtetik beherakoak eta, bestetik, 24 urtetik gorakoak. Aurreko urtean bezala, aurten ere bazkarirako sarrerak erosi zituztenei arau sinplez osaturiko zerrenda bat banatu zitzaien, Kuadrilen Egunean giro ona nagusi izan dadin. Betti Gotti elkarteak adingabeei sarrerarik ez erostea eskatu zien, bazkariaren egunean ezingo baitira Ficobara sartu.

Bidean galdutako proposamenak

Herri Bazkariaren bitartez Koadrilen Eguna bultzatzea lortu du Betti Gotti elkarteak. Hala ere, 18 urtetik gorako gazteak dira Ficobara hurbiltzeko direnak.  Egoeraz jabeturik, azken urteetan Betti Gotti elkarteak proposamen ezberdinak egin ditu hiritar guztientzako bazkari bat sortzeko. Proposamen horiek, ordea, aurrera eramatea ezinezkoa izan da, bidean aurkitutako oztopo eta zailtasunak direla medio.

Aurten, Ficobako bazkariaz gain, adin guztietako hiritarrentzako beste bazkari bat antolatzeko proposamena egin zuen Betti Gotti Elkarteak. Ospitale Zaharraren inguruan 200-300 pertsonentzako bazkari bat antolatzea proposatzen zuen elkarteak, baina, Udalak eman beharreko baimena ukatu ostean, proposamena bertan behera geratu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude