Alardearen barruan esperientzia berrien bila

Alarde Publikoko Bandako Kantinera izango da aurten Ane Delgado

Haur bat zenean ama eta ahizparekin Irungo espaloietatik disfrutatzen zuen Irungo jaiez. Duela bi urte, ordea, gorbata gorria lepora lotu eta Alardean soldadu moduan parte hartu zuen lehen aldiz. Aurten ere esperientzia berri bat biziko du Alardearen barruan, Alarde Publikoko Bandako Kantinera izango baita.

Nolakoa izan zen kantinera hautatu zintuzten eguna?
Etxean nengoen, familia eta lagunekin, itxaronaldia arintzeko merienda bat antolatu genuelako. Kantinera aukeraketa 20:00etan hasten zen. Aukeratua nor zen jakiteko irriketan nengoen eta, ni konturatu gabe, Ion Martinez, Bandako Zuzendaria, etxean sartu zen eta sekulako sorpresa hartu nuen bera ikusterakoan. Oso polita izan zen egun hura.

Zein konpainietan desfilatu duzu soldadu bezala?
Duela bi urte hasi nintzen Santiago Konpainian desfilatzen, duela denbora gutxi sortutako konpainia bat zelako eta lagun batzuekin bertan desfilatzera animatu nintzelako. Baina, momentuz, konpainia aukeratzerako orduan ez daukat lehentasunik.

Kantinera izan ostean, Alardean soldadu moduan parte hartzen jarraitzea gustatuko litzaizuke?
Kantinera izatea berezia izango da, baina, Alardean parte hartzen jarraitzeko asmoa daukat. Instrumenturen bat jotzen ikasiko banu, Bandan desfilatzea gustatuko litzaidake. Bestela, argi daukat infanteriako beste edozein konpainietan desfilatuko dudala.

“Kantinera izatea berezia izango da, baina,

Alardean parte hartzen jarraitzeko asmoa daukat”

Nola daramatzazu kantinera izateko prestaketa-lanak?
Ama da prestaketa-lanekin gehien laguntzen ari nauena. 2014 nire ahizpa Olaberriako Konpainiako kantinera izan zenez, etxekoek ondo dakigu zer den etxean kantinera bat edukitzea. Hala ere, kantinera trajea edo orrazkerak txapelarekin probatu nituen momentua oso hunkigarria izan zen.

Zein aholku eman dizkizu zure ahizpak?
Lasai egotea, ni neu izan nadila eta asko disfrutatzea, dena oso azkar pasatzen baita.

Kantineren Aurkezpenean, ekainaren 28an, urduri egongo zarela uste duzu?
Bai, Junkal Plazatxoan kantinera guztiek jendearen aurren hitz egin behar dugulako. Aldi berean, kalera irteteko gogo handiak izango ditudala uste dut, jendearekin izango dudan lehen kontaktua izango baita hori. Egun hortan hasiko da dena eta oso azkar pasako dela uste dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude