Hiru diseinu ikasle irundar dira aurtengo jaietako kartelaren egileak
“Barnetik” izeneko kartelak iragarriko ditu 2018ko San Pedro eta San Martzial jaiak. Iñigo Sanz, Mikel Legorburu eta Ferran Olaizola dira datozen egunetan Irungo erakusleihoetan hiriko jaiak iragarriko dituen kartelaren egileak. Kunsthal eskolako lehenengo mailako diseinu ikasleak dira eta oraindik gauza asko ikasteko dauzkatela uste dute.
Azken urteetan bezala, aurten ere hiritarrek jaietako kartela aukeratzeko prozesuan parte hartzeko aukera izan dute. Guztira, 3.676 irundarrek bozkatu zituzten finalera iritsi ziren kartelak eta, azkenean, “Barnetik” izenekoa izan da irabazlea, 1.252 boto eskuratu ostean.
Kartela sortzeko hiru gazte irundarrek haien sormena eta trebetasuna elkartu zituzten eta, bidean, ideia ezberdinak baztertu zituzten. Iñigo Sanz, aurtengo jaietako kartelaren egileetako batek adierazi du, “aurreko lehiaketak irabazi zituzten karteletan oinarritu gara, desberdina izango zen zerbait sortzen saiatzeko”.
Kartela sortzerako orduan zereginak banatzea ezinbestekoa izan da. Iñigo Sanzek lehen zirriborroak egin zituen, Mikel Legorburu kolore aukeraketaz arduratu zen eta Ferran Olaizolak tipografiak edo kartelaren izenburuak aukeratu zituen. Txapelak, alpargatak eta danbor-nagusiaren makila dira kartelean ageri diren elementu nagusiak. Mikel Legorburuk, karteleko egileetako batek azaldu du, “gure lanean alardearen erakusle garbiak diren elementuak bildu nahi genituen”.