Mikel Bengoa, Real Unióneko kirol zuzendaria: “Elkartruke horrek gure maila hobetzen lagunduko digulakoan gaude”

2023ko abenduan Real Uniónek Aston Villarekin hitzarmen berri bat sinatu zuen, klubean zenbait aldaketa eragin zituena. Tartean Real Unión Villa Group taldearen barnean sartu zen, mundu mailako beste hainbat futbol talderekin batera. Mikel Bengoa Real Unióneko kirol zuzendariak akordio honek klubera ekarri ditzakeen onurak azaldu ditu.

Hasieratik hasteko, nola lortu zen bi kluben arteko akordioa sinatzea?

Ondo dakigunez, lehen RFEF oso maila gogorra da. Izan ere, zaila da maila horretan taldea egoera on batean mantendu ahal izatea. Horretarako, Real Uniónek ekonomikoki bultzada bat behar zuen. Egia da gu orain RFEFn maila ertaineko taldea garela. Akordio honi esker, gure asmoa zen taldeari bultzada bat ematea geroz eta talde hobeagoa izan ahal izateko. Hori dela eta, Aston Villarekin akordio bat sinatzea erabaki zen, Unai Emery talde horren entrenatzailea dela baliatuz. Egia da Aston Villa asko internazionalizatzen ari dela, hitzarmenak sinatzen ari baita munduko klub askorekin: Egiptoko ZED klubarekin eta Japongo Vissel Koberekin. Beraiei interesgarria iruditzen zitzaien Espainian hirugarren mailan dagoen talde batekin akordio bat lotzea. Emery familiarekin harremana dutenez, azkenean, akordioa itxi dute.

“Espero dugu hurrengo denboralditik aurrera denok elkarrekin gauzak geroz eta hobeto egin ahal izatea”

Helburu ekonomikoaz gain, jokalarien elkartrukea ere egin duzue?

Lehiaketa honetan 23 urte baino gutxiago dituzten 4 edo 6 jokalari etorri behar dira urtero. Gure kasuan, kosta egiten zaigu klubean jokalari guzti horiek haztea. Ondorioz, lagapen kontratuak sinatu behar izaten ditugu. Horiei esker aurten Realetik jokalari bat etorri da, Alavesetik 2 jokalari eta Levantetik beste bat. Hitzarmen honi esker Aston Villarekin hitzarmena duten beste klubetatik maila altuko jokalariak ekarri ditzakegu.

Argazkia: Real Unión klubeko ordezkariak Egipton bisitan izan
zireneko argazkia.

Epe motzerako onurez gain, epe ertain eta luzera ere abantailak ekarri ditzake?

Pasa den hilabetean Mikel Duque, gure metodologia arduraduna eta biok Birminghamen egon ginen han nola lan egiten duten ikusteko. Gure ideia da han dituzten lan ereduak hona ekartzea. Horretaz gain, handik, Egiptotik edo Japoniatik entrenatzaileren bat etorri badaiteke guri hemen laguntzeko oso lagungarria izan daiteke: futbol zelaian jokalari hobeak prestatzeko, “scouting” lana hobeto egiteko edo prestakuntza fisikoa geroz eta hobea izateko. Uste dut pasa den urtetik harrobian egiten ari garen lana geroz eta hobea dela. Era berean, gure lan eredua beste herrialde batzuetara eramateko aukera ematen digu.

“Klubaren ideia da hitzarmen hau iraupen luzeko zerbait izatea”

Bidaiek eta beste kluben bisitek asko laguntzen dute elkartrukea?

Hori da. Birminghamera horretara joan ginen, metodologia trukea egiteko. Jokalariak prestatzeko nolako lan motak egiten dituzten ikasi genuen. Han egon ginen bitartean txapelketa bat ikusi genuen. Egipton 18 urtetik beherako jokalariek nola entrenatzen duten ikusi genuen. Oso interesgarria iruditzen zaigu merkatu horretan nola lan egiten den ikustea. Horrela, merkatua aztertu eta hurrengo denboraldietan gure klubera jokalariren bat etorri ote daitekeen aztertzeko. Era berean, testuingurua guztiz bestelakoa da. Izan ere, futbol zelai berriak dituzte eta eraikinak, oro har, oso berriak dira. Horrela, guk urte batzuk barru kluba hobetu nahi badugu, ideiak hartzeko oso ondo dago informazio hori. Gainera, Vissel Kobe eta ZED klubetako kirol zuzendariak ere hona etorri dira eta haiekin lehen bilerak egiteko aukera eman digu horrek. Aurretik azaldutako guztiari esker, espero dugu hurrengo denboralditik aurrera denok elkarrekin gauzak geroz eta hobeto egin ahal izatea.

Argazkia: Real Uniónek eta Aston Villak euren lankidetza
hitzarmenaren berri eman zuten eguneko argazkia (Iturria: Real
Unión.

2023ko abenduan sinatutako hitzarmena noiz arte luzatzea espero duzue?

Klubaren ideia da hitzarmen hau iraupen luzeko zerbait izatea. Egia da, akordioa ixteko Emery familiak Aston Villa klubarekin duen erlazioarengatik itxi zela. Dena den, kluba geroz eta interesgarriagoa izatea da ideia. Izan ere, klub lehiakorra bihurtuz gero, uste dugu Aston Villa, Viseel Kobe eta ZED kluben mailako taldeei eta beste batzuei gurekin lan egitea gustatuko litzaiekeela.

Hurrengo denboraldiari begira, ari al zarete zerbait berezia prestatzen?

Datorren urtean gure asmoa da Real Uniónera jokalari berriak ekartzea. Epe motzera begira, hori da gure helburu nagusia. Horretaz gain, entrenatzaile talde bat Birminghamera edo Egiptora bidali nahiko genuke, han entrenamenduak nola prestatzen eta egiten dituzten ikasteko. Baina, esandako moduan, gure lehen ideia jokalari berriak ekartzea da, hau da, taldea hobetzen lagundu dezaketen jokalarien bila gabiltza. Jokalariak ekarriz, Real Unión beren bilakaera egokirako lekua izan daiteke eta lehenengo mailako futbolera iritsi arte hobetzen jarraitzeko aukera izan dezakete bertan.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude