Gazte Landetxa konpartsa 2009an atera zen lehenengo aldiz Irungo inauterietan. Ordutik, ilusio eta gogo berarekin lanean jarraitu dute urtero hiriko kaleetara inauteri giroa eramaten jarraitzeko. Aurtengoan Gazte Landetxak bere hamahirugarren inauteriak biziko ditu, pandemiak eragindako ziurtasun gabeziak gainditu ostean. Konpartsako antolatzaileek Gazte Landetxan itxaropenez beteriko aurtengo inauteriak nola prestatu dituzten azaldu dute.
Zenbat partaide izan ohi dituzue gutxi gorabehera urtero?
Lehenengo urtean 60 lagun izan ginen, konfiantzako gurasoek esan ziguten oso gazteak ginela (18 urte genituen) eta ez zirela gutaz fidatzen. Behin ikusita konpartsa aurrera ateratzeko gai izan ginela, gainontzeko urtetan 300 lagun inguru izan gara eta aurten, pandemia dela eta, 150 animatu gara.
Noiz hasten zarete inauterietako lehen prestaketekin?
Normalean maiatzean hasten gara, auzoko jaiak eta gero. Aurten ez genekienez inauteriak ospatuko ziren ala ez, irailean elkartu ginen eta inoiz baino azkarrago erabaki eta prestatu behar izan dugu dena.
Aurten, pandemiak eragindako zalantzak tarteko, prestaketak zailagoak izan dira?
Zailagoak ez, azkarragoak bai. Hasieratik bagenekien azken momentura arte ez genuela jakingo burutuko ziren ala ez. Dena den, lana betiko moduan egin dugu eta bertan behera geratzen badira, 2023. urterako lana aurreratuta izango dugula uste dugu.
Aurreko urtean inauteririk izan ez ostean, aurten gogo gehiagorekin hartuko dituzue?
Uste dugu denetarako gogo gehiago dugula orokorrean, hala ere guretzat 2021ean inauteririk egon ez arren, on line ekintza asko egin ditugu eta beharbada ez dugu hainbeste sumatu bi urte pasa direla.
Hobeto antolatzeko lana lan-talde txikitan banatzen duzue?
Ez, ez dugu lana banatzen, talde handi bat gara, ordu bat adostu eta elkartzen garenok lanean hasten gara. Batzuk trebeagoak dira josten, mozten, marrazten, dantzatzen, teknologiarekin edo karroza eraikitzen, baina denok dakigu ia denetik egiten. 13 urte eta gero asko ikasi dugu, ondo moldatzen gara eta egiten ez dakiguna badakigu taldeko nori eskatu.
Lana borondatez egiten duzue?
16 bat lagunek hartzen dugu parte antolakuntzan eta bai, egiten dugun lan guztia borondatezkoa da. Irabazirik gabeko elkarte bat gara beraz, bakoitza gure lanetik atera eta elkartean biltzen gara “lanean” hasteko. Ez bakarrik inauterietan, urtean zehar burutzen ditugun ekintza guztietan ere horrela egiten dugu lan.
Inauteri aurreko asteak lan askokoak izan ohi dira?
Ez, badira azken momentuan egin beharreko lanak, musika ekipoa jarri, merienda erosi, generadoreak gasolinaz bete… Baina normalean, gure kasuan, ez ditugu gauzak azken momenturako uzten. Inauteriko astea lasaia izaten saiatu behar gara, astebururako energiak gordez, behar bezala gozatzeko.
Zer da prozesu guztian zailena edo gehien kostatzen zaizuena?
Zailena igandetan entseguetarako goiz jaikitzea da. Zailena agian buruan irudikatzen ditugun mozorroak eta karroza errealitate bihurtzea da.
Zer da Irungo kaleetara ateratzen zaretenean gehien disfrutatzen duzuena?
Dena, Letxunborron zain egotea ere polita da, jendea mozorrotua ikustea, argazkiak egitea, haurren urduritasuna sumatzea, gurasoen ilusioa… gero desfilea Colón pasealekuan erosoagoa da eta bukaera beti da berezia, pixka bat erotzeko momentua.
Zer gai aukeratu duzue aurtengo inauterietarako?
Aurten “El Rey Leon” aukeratu dugu, dena azkar prestatu behar genuen eta animaliaz mozorrotzea errazena iruditu zitzaigun, gainera oso film polita iruditzen zaigu eta abestiak asko gustatzen zaizkigu.
Azken urteetan gainera, inauteriak zuen auzoan errepikatzeko aukera izan duzue. Berezia da zuentzat aukera hori izatea?
Noski. Asko disfrutatzen dugu auzoko desfilean, auzoan egiten dugu bizitza, gure kaleak dira, elkartearen aurretik pasatzea, auzoko helduei inauteriak gerturatzea, etab. Gainera, “seriotasunetik” aldentzeko aukera ematen digu: bikotez aldatzeko edo “Paquito Chocolatero” denok elkarrekin dantzatzeko. Inauteriak primeran bukatzeko aukera politena.
Zergatik animatuko zenukete jendea Irungo inauterietako desfilea ikustera edo bertan parte hartzera?
Egia esan, ikustera ez genuke jendea animatuko, bai ordea parte hartzera. Desfilea ikustea polita da noski, baina parte hartzea ez da bakarrik egun horretan mozorrotzea eta dantzatzea. Parte hartzea lagunak egitea da, haurtzarora bueltatzea da, momentu pentsaezinak bizitzea da, barre egitea da, hunkigarritasunez negar egitea da eta abar. Familia txiki handi baten parte izatea da.