Pirata barbaroak Oiasso inguruan?

Piraten kontrako borroka gaitz endemiko bat izan zen Antzinaroan zehar. Oktabio Augusto enperadoreak Pax Romana ezartzeko eginiko sekulako ahaleginak Inperio Erromatarraren uretan piraten presentzia modu erabakigarrian murriztu zuen, egoera gisa horretan mantenduz hurrengo mendeetan. Dena den, pirateria ez zen sekula desagertu eta bi motatakoa zela atzeman daiteke: batetik barnekoa, hau da, gizarte erromatarraren magalean sortu ahal zena; bestetik, barbaroa edo jatorria inperiotik kanpo zeuden herrietan zuena. Dauzkagun iturrien arabera, ezin dugu jakin Oiasso inguruan konkista erromatarraren aurretik eta hura gertatu eta ondorengo mendeetan piratik izan ote zen. Baina litekeena da Antzinate Berantiarrean Bidasoaldeak zenbait eraso pairatu izana.

K.o. 406. urteko urtezahar egunean, Rhin ibaia izozturik zegoela probestuz, bandaloak, sueboak, alanoak eta beste herri barbaro batzuk hura gurutzatu eta Inperio Erromatarraren lurretan sartu ziren. Etorri berrien presentziak ekarritako gorabeherek kolokan jarri zuten lehenagotik ere nahiko arazo zituen enperadorearen autoritatea. Hori dela eta, ezegonkortasun politiko eta ekonomikoak gora egin zuen eta, horrek, ordura arte erromatar armadan noizean behin suertatzen ziren errebolta eta usurpazioen ugaritzea ekarri zuen. Ondorioz inperioko mugen zaintza ahuldu eta zenbaitetan bertan behera gelditu zen, herri barbaro gehiagoren mendebalderako migrazioa erraztuz. Testuinguru honetan, ez zen harritzekoa izan jatorri barbaroko pirata taldeen agertzea. Hauek, eskualde inperialak ez ezik, eremu erromatarrera etorri berriek sortu berri zituzten erreinuak ere eraso zituzten.
Kantauri aldea ez zen piraten arpilatzeez libratu. Hori adierazten diguten garaiko zenbait erlijiosoren testigantzak iritsi zaizkigu, sarritan ikuskera apokaliptiko batetik idatziak. Ezagutzen dugun gertakari esanguratsuenetako bat K.o. 455. urtean gertatu zen, Chavesko apezpiku zen Hidaziok idatzitako kronikaren 164. pasartean jasoa:

“Zazpi itsasontzitan etorriak, 400 bat herulo, modu arinean armatuak, Lugoko kostaldean lehorreratu ziren denen harridurarako. Ordea, bertakoen artean bildutako talde handi batek -multitudinis- aurre egin zien itsasora atzera botaz. Talka honetan heruloek bi gizon galdu zituzten. Beren baseetara -sedes proprias- bueltan, Cantabria eta Vardullia-ko kostaldeak ankerkeria handiz arpilatu dituzte -crudelisimme depraedati sunt-”.

Iturri idatzien eskasiaren aurrean, Hidaziok aipatzen duen Vardullia hori erromatarrek mende batzuk lehenago karistiar eta baskoien artean kokatzen dituzten barduliar herriaren lurralde gisa identifikatu da. Idatzi hauen arabera, barduliar kostaldeak Deva ibaia zuen mendebaldeko muga gisa eta Urumea – Leitzaran ingurua ekialdean, egungo Gipuzkoaren zati handi bat beraz. Heruloek aldiz, herri germaniarra izaki, jatorria jutlandiar penintsulan zutela uste da, baina Antzinate Berantiarrean zenbait talde Danubio eta Itsaso Beltzaren iparraldean ere topatu ahal ditugu.

Testigantza garrantzitsua dugu ere Clermonteko apezpiku Sidonio Apolinarrek utzitakoa. K.o. 469-470 aldera, Sidonio Apolinarrek Saintesen bizi zen bere lagun Namatiusi idatzitako eskutitz batean (Epist. 8.7.13-15), azken honi adierazten dio jakinaren gainean dagoela bere aginduetara dagoen itsas armada archipiratae saxoniar batzuen pertsekuzioan itsasoratua zela. Saxoiak Jutlandia ekialdearen eta Elba ibaiaren artean kokatzen ziren herri germaniar bat ziren. Aipatutako eskutitz berean, apezpikuak saxoien izaera basatia eta marinel gisa zuten abilezia azpimarratzen ditu. Adibide gisa, zera adierazten du Sidoniok, saxoiek, gatibu hartutako hamar pertsonetatik bat jainkoei sakrifizioan eskaintzeko ohitura zutela itsasora bueltatu baino lehen. Ez dakigu Namatiusen itsas armadak arrakastarik izan ote zuen aipaturiko piraten ehizan, biziraun duten iturri idatziek mutu jarraitzen dutelako.

Oiassoko hirigunean momentuz topaturiko erromatar aztarna arkeologiko modernoenak IV. mendekoak dira. Badirudi hirigunea gainbeheran sartua zela populazio dezente galduz. Hala ere, Higerreko lurmuturrean ur azpian agerturiko materialek bertako itsas trafikoaren biziraupena ziurtatzen dute oraindik V-VI. mendeetan, agian baita nolabaiteko ainguralekuren bat antzinako Oiasson. Beraz, V. mendean oraindik Oiasso populaturik balego, ez litzateke harritzekoa piraten erasoen helburuetako bat hau izatea.

Bestalde, Oiasso Museoan itsasoarekin loturiko behin behineko erakusketa berri bat dugu: Aingura Litikoak Gipuzkoan. Sarrera doakoa da eta erakusketa maiatza arte izanen dugu gurean. Zatoz ikustera!

Jokin Lanz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude