Neandertalak: Ezagutu beste gizadia Mendebaldeko Pirinioetan

Neandertalen gaia pil-pilean dago. Horregatik Bizkaiko Arkeologia Museoak sortu zuen erakusketa Oiasso Museora ekartzea benetan garrantzitsua iruditu zitzaigun. Eta Euskal Herrian bizi izan ziren neandertalen mundu zirraragarria ikusleei hurbiltzea zen gure helburua. “Neandertalak. Ezagutu beste gizadia Mendebaldeko Pirinioetan” izeneko erakusketa Joseba Ríos Garaizarrek eta Asier Gómez Olivenciak komisariatu dute; biak ala biak 20 urtetik gora daramatzate giza iraganaren kapitulu harrigarri honetan lanean. Denbora horretan, ikerketa eta interpretazio moduak asko aldatu dira, eta aldaketa horiek erakusketaren ardatz nagusietako bat dira: irudikapen zahar batetik, ikuspegi modernoago eta zientifikoago batera igaro gara.

Neandertalak askotan ikuspegi okerretik ulertu izan dira. XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran, haien irudia gizaki basatiarena zen: teknologia pobreko izaki monotonoak, moldagarritasun txikikoak eta gaitasun intelektual eskasekoak. Narratiba hau ez zen zientifikoa soilik, ideologikoa ere bazen: Homo sapiensaren nagusitasunaren justifikazio modura erabilia, baina ikuspegi eurozentrista eta arrazista zegoen guzti horren atzetik. Hala ere, ikerketa zientifikoaren azken hamarkadetako lanari esker, ikusmolde hori, neurri handi batean, gainditu egin da. Gizartean, ordea, oraindik bizirik dira estereotipo horiek, eta horregatik da erakusketa hau hain beharrezkoa.

Erakusketan ikusgai dauden 100 pieza baino gehiagok —horietako asko lehen aldiz publikoaren aurrean erakusgai— munduko eta baita Euskal Herriko neandertalen ezagutza sakontzen lagundu dute. Pieza horien artean daude, besteak beste, Abri Olha (Kanbo, Lapurdi) izeneko haitzuloko aztarnategiko aurkikuntzak, hau izan baitzen Euskal Herrian neandertalen inguruan modu zientifikoan egindako lehen indusketa garrantzitsua. Bertan, XX. mendearen hasieran, Passemard-ek egindako lanari esker, Paleolitiko Ertaineko lehen aztarna sendoak aurkitu ziren. Handik gutxira, 1931n, Barandiaran eta Aranzadik Bizkaian El Polvorín eta Venta Laperra haitzuloak induskatu zituzten, eta bertako egunerokoetan lehen aldiz aipatzen dira “musteriar estiloko tresna zakarrak”.

Neandertalen hezur fosilak, bereziki urriak eta baliotsuak, erakusketaren altxor handienetakoak dira. El Polvoríngo Sima izeneko lekuan 18 hezur zati aurkitu ziren, eta horien artean nabarmentzekoak dira garezur baten zatia eta beso hezur bat (radioa). Bereziki interesgarria da Andere izena eman zioten gizaki hezurren azterketa: Anderek 150.000 urte baino gehiago izan ditzake, eta horregatik da funtsezkoa ikerketa paleontologikoarentzat. Horretaz gain, erakusketan ikusgai daude Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroan neandertalen garaiko aztarna eta pieza zoragarriak.

Hala ere, erakusketak ez du aztarnategi soiletan geratu nahi. Galdera sakonagoak planteatzen ditu: Ba al zekiten hitz egiten? Ba al zuten artea? Hildakoak lurperatzen zituzten? Zergatik desagertu ziren?… Auskalo! Hala ere, galdera batzuk erantzuteko genetikaren alorreko azken aurrerapenak lagungarri dira: jakin da gaur egungo europarrok %2-4 artean gene neandertalak ditugula. Horrek esan nahi du gure espeziea eta neandertalak gurutzatu egin zirela, eta bien arteko lotura uste izan dena baino estuagoa dela.

Duela milaka urte neandertalak eta homo sapiensak arbaso komuna partekatzen zuten. Horregatik dituzte hainbat antzekotasun anatomiko eta tekniko, nahiz eta beste hainbat ezberdintasun nabarmen ere badiren, hala nola kokotsean, hortzetan edo belarri ertainaren egituran. Baina ezaugarri horiek ez dira nahikoak neandertalen giza izaera zalantzan jartzeko. Haien bizimodua, tresneria, talde kohesioa eta erritual posibleek adierazten dute gizaki osoak zirela, gure antzekoak, baina bestelako garapen bat izan zutenak.

Erakusketak, beraz, ikuspegi zaharkitu bat gainditzeko aukera ematen du, eta aldi berean aldarrikatzen du Euskal Herriko ikerlariak ekarpen esanguratsuak egiten ari direla hasieran esan bezala pil-pilean dagoen historia unibertsal batean: neandertalen giza historia. Ekarpen horiek ez dira soilik akademikoak, baizik eta identitateari eta historiari buruzko hausnarketa sakonago bat sustatzen dute. Eta hori da, azkenean, erakusketa honen indar nagusia: iraganaren bidez, geure buruari eta gizateriaren bilakaerari buruzko galdera berriak planteatzea. Erakusketa dohainik ikusteko aukera izateaz gain, erakusketa hau ezagutzera emateko bisita gidatu berezi bat antolatuko dugu maiatzaren 16an, Museoen Nazioarteko egunean. Halaber, ekainaren 11tik 13ra Europako Arkeologia jardunaldiak direla-eta, neandertalei buruzko hitzaldi ziklo osoa antolatuko dugu, puntako adituen azken teoriak entzuteko eta gure neandertal iragana eta historia hobeto ezagutzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude