Artzamendi (926m) Itsasutik (Lapurdi)

Denbora: 4 ordu (geldialdirik gabe).

Distantzia: 11, 20 km.

Desnibela: 944m.

Zailtasuna: Ertaina. Desnibela handia da, eta zati teknikoak daude, mendian gutxieneko esperientzia edukitzea eskatzen dutenak.

Lapurdiko tontor garaienera igotzeko bidea Itsasu herrian hasten da, Pas de Roland bidearen ondoko parkinean. Errepidean aurrera jarraituko dugu, eskuin aldera basoan murgiltzen den bidexka bat ikusi arte. Aldapa handi batek Garroa baserriraino eramango gaitu (15min). Hura inguratu eta basoan sartuko gara berriro.

Naparruntz Lepora (348m) iristean, haritz handi bat topatuko dugu (ordu bat). Pagadi malkartsu batean gora egingo dugu ondoren. Pagoak atzean utzita arroketara iritsiko gara, eta haien laguntzaz, tontorreraino helduko gara (926m), atera garenetik bi ordu eta erdi betetzen direnean. Tontorrean dagoen radarretik, belarrez estalitako bizkar batean behera hasiko gara. Ibar txiki batetara iristean, bidea konplikatu egingo da.

Bidexka batek pagadian sartuko gaitu berriro, eta errekastoak eta hesiak zeharkatu beharko ditugu. Parkinera eramango gaituen asfaltatutako errepidera ailegatuko gara azkenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude