Badatoz, badatoz… festak! Oiasso Museoaren 20. urteurrena, Dies Oiassonisak… eta festa horietarako jantzi aproposak prestatzen hasi beharko dugu. Duela 2.000 urte ere, Oiasson ospatzen ziren festetarako, bertako biztanleek, festa horietara zer jantziko zutenaren kezka ere izango zuten, seguru.
Erromatar garaiaz hitz egiten dugunean, ia beti harrizko, zeramikazko edo metalezko aztarnetan jartzen dugu arreta. Baina jantziek ere garrantzi handia izan zuten Oiassoko garai haietako gizartean. Nahiz eta material galkorra izan eta gutxi kontserbatu, inguru hauetan topatu dira oihal zatitxoak eta bereziki garrantzi handia duten larruzko oinetakoak; baita oihalak ehuteko erabiltzen ziren zeramikazko pisuak, etab. Horrez gain, arkeologoen eta iturri klasikoak aztertzen dituzten ikerlarien lanari esker, erromatar garaian zer-nolako oihalak erabiltzen ziren, nola ehuntzen zituzten, oihalak kolorez betetzeko erabiltzen ziren tinduak, edota garaiko janzkerak nolakoak izan zitezkeen jakiten laguntzen digute.
Erromatar garaian, oihalak egiteko gehien erabiltzen zen materiala artilea zen. Ardiak ohikoak ziren erromatar munduan, eta artilea lantzeko material erraza izateaz gain, beroari eusteko ezin hobea zen. Horregatik, jantzietarako ez ezik, tunika bezalako piezetarako ere asko erabiltzen zen. Lihoa ere ohikoa zen oihal arinagoa eta freskoagoa egiteko, batez ere garai beroetarako. Lihozko oihalak gainera, azpiko jantzietarako eta etxeko oihaletarako erabiltzen ziren.
Kotoia berriz, erabiltzen bazen ere, ez zen hain arrunta. Grezia klasikoan esate baterako, ez zuten hitzik kotoiarentzat. Herodotok, esaterako, “arboletako artilea” deitzen zion. Hala ere, Oiassoko garai haietan, eta seguruenik portuari esker, kotoiez egindako oihalak iritsiko ziren, kostalde honetara, baina gehienetan goi mailako jendeak erabiltzen zuen oihala zen.
Baina material hori landu egin behar zen, haria sortu arte, eta ondoren hari hori ehundu egin behar zen. Prozesua luzea izaten zen, eta teknika ondo ezagutu behar zen. Gehienetan etxe barruko lana izango zela diote, baina oihalak egiteko tailer profesionalak ere bazeuden.
Baina modak agintzen duenean, koloreek eta apaingarriek garrantzi handia hartzen dute. Horregatik ehundutako oihal horiek tindatzea zen hurrengo urratsa. Bi modutako tinduak erabiltzen ziren, landareak erabiliz ala mineralak erabiliz, baina baziren tindu oso berezi batzuk, adibidez molusku batzuetatik lortzen zuten purpura kolorea. Tindu berezia bezain preziatua. Tindaketaren prozesua ez zen lan erraza izaten, eta horretarako teknika ere oso landua zen, oihalaren kolorea aberatsa izateko, kolorea oihal guztian berdindua egoteko… Hainbat tailer mota zeuden tinduetarako: officina infectorian oihala lehen aldiz tindatzen zen, eta officina ofectorian erabilitako jantziek beren kolorea berreskuratzen zuten. Bestalde Officinae fullonicae izena zuten tailerretan, bereziki artilezko jantziek berreskuratzen zuten kolorea. Ez ziren lan errazak. Tailer handiak izaten ziren, askaz beteak, eta bertan oihalak garbitu, zuritu eta lantzen zituzten. Eta horretarako gehien erabiltzen zena amoniakoa izaten zen. A zer usaina! Baina ez da hori okerrena… Nondik ateratzen zuten amoniako hori? Jendearen pixa hartzituz fermentatuz. Horretarako tailerraren atarian pixatokiak jartzen zituzten, eta likido hori aska handi batzuetan biltzen zuten, hartzitu ondoren, amoniakoa lortzeko. Ederra usaina! Irakurtzen ari zaren bitartean, seguru nahi gabe ere, nazka keinuren bat atera zaizula.
Baina jatorrizko kolorea berreskuratzen zuten Fullonika tailer hauek, negozio oparoak bihurtu ziren. Horregatik Vespasiano enperadoreak, zerga bat ezarri zien pixa jasotzeagatik. Suetonio erromatar historialariak dioenez, Vespasianoren seme Tito ez zegoen neurri horrekin ados, eta aitari aurre egin zion. Orduan, Vespasiano enperadoreak urrezko txanpon bat sudurrera hurbildu, eta usain txarra ote zuen galdetu zion. Titok ezetz erantzun zionean, aitak horrela erantzun zion: “Atqui ex lotio est”, hau da, “Pixa da jatorria”. Hortik dator Vespasianoren Axioma ezaguna: Pecunia non olet, alegia, diruak ez du usainik!



