Ametsak eta desirak

Egilea: Mikel Garmendia Lekuona
Doinua: Aresoarren bandera

1)
Amesten hasi ninteke;
Alamedan lau bankete,
Pirinioetan eskurtsio bat
-Udan baliteke-,
Thailandian astebete,
pare bat milioi billete…
sarritan esna egonda ere
amestu liteke.

2)
Maiz zeruaren erdira
gabiltz ametsei begira
gure desio guztiak piztuz
alditik aldira.
Desira horien argira
hausnartzea komeni da
baina ametsak noizbait egia
bihurtzen al dira?

3)
Nola esan ta zer pentsa
zer bihurtu da ametsa?
Gure buruan zerbait badabil
nahiko aldrebesa.
Guztia denean beltza
aurretik doa ezetza
ametsen bide lagun txarrena
delako estresa.

4)
Goizean goaz lanera
auto ilarak topera
gero berriro lanera goaz
lanetik etxera.
Beti errutina bera,
baina zertan ari gera
ohartzerako urteak ere
badoaz aurrera.

5)
Nahiz eta ez den erraza,
Mesedez, sofatik altxa,
kalera irten, gogo bizian
zuk marraztuz traza.
Bizkortu zaizu arnasa
Dena doa zure kasa
Baina jarrera hau izateko
nor dugu kapaza?

6)
Zer ote da guztiz grabe?
minbizi bat parez-pare,
edo etxetik kaleratzea
banketxeen alde.
Dena dugu ta halare
kopeta-beltza bazpare,
edozergatik kaxatzen garen
gizartean gaude.

7)
Beraz non dago problema?
Thailandia zen aurrena
gero dirua, ospea edo
besteak duena.
Izan behar da ahalmena
baloratzeko garena
eta momentu bakoitza dela
garrantzitsuena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude