“Irungo Emakumeak Plazara”: emakume irundarren ahotsa

Parean Berdintasun Elkarteko kideak dira Oihana Llorente eta Miren Lantz. Azken hilabeteetan Asun Casasola Ipuin Lehiaketa antolatzea gain, “Irungo Emakumeak Plazara” proiektua aurrera eraman dute. Generoa ardatz izateaz gain, etorkinak edo adineko pertsonekin loturiko gaiak ere lantzen dituzte elkartean.

Nola kudeatzen duzue lehiaketaren antolakuntza?
Miren: Aurtengoa 4. edizioa izango da. Bidean lehiaketako antolatzaileak aldatuz joan diren arren, gu biak ia hasieratik egon gara. Gainera, denboraren poderioz, lehiaketako parte hartzaileak izan direnak, antolakuntzara batu dira eta oso pozgarria da jendea geroz eta gehiago inplikatzen dela ikustea.

Aurten berrikuntzarik duzue?
Oihana: Bai, gazteen kategoriako adin tartea zabaldu dugu eta 10-16 bitarteko gazteei zuzendurik egongo da. Izan ere, joan den urtean Lehen Hezkuntzako ikasleen parte hartzea handi izan zen eta lehiaketa indarkeria matxistaren gaia lantzeko aukera bikaina dela ikusi dugu.

“Oso pozgarria da jendea lehiaketaren antolakuntzan geroz eta gehiago inplikatzen dela ikustea”

Miren Lantz, Parean Berdintasun Elkarteko kidea

Lehiaketaz gain, “Irungo Emakumeak Plazara” proiektua garatzeko aukera izan duzue. Zertan datza?
Miren: Irungo historian garrantzitsuak izan diren emakumeen testigantzak biltzeko ahalegina egin dugu. Horretarako, Mertxe Trancheren laguntza ezinbestekoa izan zaigu. Informazio guztia dokumental batean bildu dugu eta Irungo eskola publikoetako 4. mailako ikasleekin lan egin dugu.

Oihana: Dokumentala euskaraz da, baina, itzulpen lanetan gabiltza orain otsailaren 21ean arratsaldeko 19:00etan Oiasso Museoan gainontzeko hiritarrei aurkezteko. Ostean, dokumentala plataforma ezberdinetan zintzilikatuko dugu, gure asmoa emakumeen istorioak zabaldu eta denon eskura jartzea delako.

Zein emakume landu dituzue?
Miren: Irunen 7 eskola publiko daudenez 7 emakume hautatu ditugu, horien artean, Dolores Salis, Poxpologileak, Vicenta Olazabal, Julia Iruretagoiena, Menchu Gal eta Leire landa futbolaria.

“Gure asmoa emakumeen istorioak zabaldu eta denon eskura jartzea da”

Oihana Llorente, Parean Berdintasun Elkarteko kidea

Nolako erantzuna jaso duzue haurren aldetik?
Oihana: Harridura. Irungo kale-izenen inguruan mintzatu gara haiekin eta harrituta gelditu dira Irunen emakume izena duten kale gutxi daudela ikusita. Hortaz gain, eskola bakoitzak 7 emakume horietako bat hautatu du eta hemendik kurtso bukaerara haren inguruan lan egiteko konpromisoa hartu dute.

Etorkizunari begira, proiektu berrien bat buruan daukazue jada?
Oihana: Ideia pila bat izan ditugu beti, baina, poliki-poliki gabiltza. Ipuin lehiaketarekin buru-belarri gabiltza eta Emakumeak Plazara egitasmoak mila aukera ematen dituela ikusten ari gara.

Miren: Parean elkartean generoa ardatz dugu etengabe, baina, etorkin eta adinekoen gaiak lantzeko proiektu oso interesgarriak sortzeko aukera dagoela dakigu. Finantziazioarengatik baldintzaturik gauden arren, proiektu berriak aurkezten jarraitzeko asmoa dugu.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi onlinen ikusgai:

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude