Ametsa Kultur Elkarteak bat egingo du, beste urte batez, Irungo Udalak San Pedro eta San Martzial jaietarako prestatu duen kultur egitarauarekin. Horrela, igandean, ekainak 14, arratsaldeko 19:00etan, Amaia Kultur Zentroko ateak irekiko dira Ametsa familia osoari ongietorria emateko. Elkarteko lau taldeek —Betiko, Ametsa, Kimua eta Ametsa Txiki— zinemako soinu-banda unibertsal eta ezagunenei eskainitako emanaldi gogoangarria eskainiko dute. Bertaratzen direnek ‘Lehoi erregea’, ‘Irribarreak eta malkoak’, ‘Miserableak’, ‘Gosaria diamanteekin’ edota ‘West Side Story’ bezalako maisulanen melodiez gozatzeko aukera izango dute. Sarrerak dagoeneko salgai daude Amaiaren leihatilan eta webgunean.
Fernando Echepare Gómez eta Leticia Vergararen zuzendaritzapean, elkarteak bukaera bikaina emango dio ikasturte berezi honi kontzertu honen bidez. Ikasturte honetan, hain zuzen ere, Kimua ganbera-taldea sortu da, eta pixkanaka-pixkanaka koxkortzen eta indartzen ari da. Talde berri honen presentzia eta oihartzuna nabarmen hazten ari da azken hilabeteotan, bai Irunen bertan, bai gure probintziako beste hainbat agertoki eta oholtza garrantzitsutan ere.
Udan oporrik ez
Udako oporrek, ordea, ez dute etenaldirik ekarriko abesbatzaren taldeentzat, eta agenda konpromisoz betea izango dute datozen asteetan. Ekainaren 29an, Ametsatarren ahotsak Irungo beste abesbatza batzuenekin batuko dira ohiko bilakatu den “Tu es Petrus” abestia elkarrekin kantatzeko Junkal Elizan. Ondoren, uztailaren 19an, Betiko eta Ametsa taldeak Lapurdira bidaiatuko dute, Arcangueseko Saint Jean Baptiste elizako mezan hainbat abesti interpretatzera eta, jarraian, kontzertu bat eskaintzera. Azkenik, uztailaren 31n, San Inazio egunarekin bat eginez, bi talde horiek Arabako Bastida herrian borobilduko dute udako sasoia kontzertu berezi batekin.



