GazteARTEan zerbitzuak musika, skatea, bideo-jokoak eta hausnarketa uztartuko ditu udazkenean CBA zentroan

Irungo Udaleko Gazteria arloak, GazteARTEan zerbitzuaren bidez, bere hiruhileko proposamena aurkeztu du gaur CBA Kultura eta Sormen Zentroan. Udazkeneko programazio honek musika urbanoa, entzuteko eta hitz egiteko guneak, skateari buruzko erakusketa bat eta gaming-ari eskainitako jardunaldi bat biltzen ditu. Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak programazioan parte hartuko duten eragileekin batera azpimarratu duenez, “diseinatzen dugun programazioak gazteek helarazten dizkiguten interes eta eskaerei erantzuten die”, eta oso balorazio positiboa egin du, urtebetean CBA zentroa gazteek beren gune gisa finkatzea lortu dutela nabarmenduz.

Egitaraua berrituta datozen GazteARTEan Talks saioen itzulerarekin hasiko da. 2021ean sortutako solasaldi-programa honek modako podcast-en formatua hartuko du aro berri honetan. Lehen saioa urriaren 15ean egingo da, sareetako gorrotoaren edo hate-aren inguruan. María Blanco umorista eta aktoreak gidatuko du mahaia, eta Euskal Herriko hainbat eduki-sortzaile eta erreferente kultural izango dira bertan: Irati Erauskin hondarribiarra (La Panto), Ian Ruiz kazetari eta sortzaile zarauztarra, eta Eneko García zein Danel Galdaera (Albina Stardust eta Divina Comedia izenez ezagunak, estatu osoan drag show-ak egiten eta LGTBIQA+ eskubideak defendatzen dituztenak). Bigarren saioa, berriz, abenduaren 10ean izango da, eta artista gazteen erronkak, ametsak eta frustrazioak izango ditu hizpide.

Musika arloko hitzordu nagusia azaroaren 7an iritsiko da CBAko Irun Zuzenean aretora, Juicy Bae artista diziplina-anitzaren eskutik. Sónar edo Argentinako Lollapalooza bezalako nazioarteko jaialdietan aritu ostean, El Secreto bere azken diskoa aurkeztuko du abeslariak. Berarekin batera, 17 urterekin musika elektronikoan eta house estiloan murgildu zen Aimar DJ irundarrak girotuko du gaua. Kontzerturako sarrerak udalaren webgunean daude salgai.

Bestalde, azaroaren 26tik urtarrilaren 9ra bitartean, CBA zentroak Irun GO Skate erakusketa eta jardunaldiak hartuko ditu, DAB productions-ek eta tokiko hainbat elkartek bultzatuta, eskualdeko monopatinaren tradizioa mugimendu artistiko eta sozial gisa aldarrikatzeko asmoz. Azkenik, abenduaren 12an, Irun Into the Game bideo-joko jardunaldia egingo da IrekiART espazioan, gazteen aurrekontu parte-hartzaileetan bozkatuenetakoa izan zen proposamenari erantzunez. Egun horretako ekintza nagusia EA Sports FC txapelketa bat izango da (nerabeentzako eta gazteentzako kategoria bereiziekin), gaming-arekin lotutako beste hainbat jarduera paralelorekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude