‘Poliedrikoak’ ziklo berriak feminismoaren inguruko 8 solasaldi ekarriko ditu Irungo Emakumeen Etxera

Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak ‘Poliedrikoak’ izeneko ziklo berria antolatu du udazkeneko programazioaren barruan, egungo feminismoaren inguruan gogoeta egiteko eta eztabaida irekiak bultzatzeko. Urriko eta azaroko ostegun guztietan egingo dira saioak Irungo Emakumeen Etxean, 18:30etik 20:00etara bitartean. Zortzi solasaldiz osatutako ekimen honetan, hainbat esparrutako adituek beren ikuspegiak eta esperientziak partekatuko dituzte herritarrekin, ikuspegi plurala eta pentsamendu kritikoa oinarri hartuta.

Egitarauak egungo eztabaida esanguratsuenak jorratuko ditu zortzi saioetan zehar. Hasteko, urriaren 8an Elisabeth Justicia irudigile eta integratzaile sozialak adin handiko emakumearen gezurrezko irudikapenari buruz hitz egingo du. Hurrengo ostegunean, urriak 15, Raquel Ogando aktibistak eta Feministas por la Justicia plataformako kideak feminismoaren eta klase-borrokaren arteko harremana aztertuko du. Urriaren 22an, Marta Bustos dibulgatzailearen txanda izango da, sareen, umorearen eta desgaitasunaren inguruan arituko dena, eta hilabetea amaitzeko, urriaren 29an, Clara Serra Sánchez irakasle eta idazleak baimenaren eremu lausoa jarriko du mahai gainean.

Azaroko saioei dagokienez, hilaren 5ean Lidia Falcón Alderdi Feministaren lehendakari eta abokatuak feminismoaren aurrerapen, hauste eta eztabaidei buruzko gogoeta egingo du. Azaroaren 12an Ana Cal Estrela abokatua sistema judizialaren aurrerapen faltaz arituko da. Astebete geroago, azaroaren 19an, June Fernández kazetariak desira disidentea eta arautik haratagoko gozamena izango ditu hizpide. Azkenik, zikloa ixteko, Imane Raissali psikologo eta komunikatzaileak denontzako feminismo baten existentziaz hausnartuko du azaroaren 26ko saioan.

Sarrera doakoa

Maite Cortina Berdintasuneko eta LGTBIQ+ Eskubideetako ordezkariak azpimarratu duenez, aukera bikaina da ziklo hau Irunen edukitzea eta aparteko profesionalak hirian hartzea, hiri berdinzaleago bat eraikitzeko bidean mugarria izango baita. Saio guztietarako sarrera doakoa izango da plazak bete arte. Gainera, parte-hartzea errazteko, Udalak 4 eta 12 urte arteko haurrentzako doako haurtzaindegi zerbitzua eskainiko du saioen ordutegian. Zerbitzu hau erabili ahal izateko, eskaera gutxienez 48 ordu lehenago egin beharko dute interesdunek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude