Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak (IEEE) bat egin dute berriro ‘Elkarrizketa Feministak’ programaren saio berri bat antolatzeko. Oraingoan, hirian ospatzen ari den Adineko Pertsonen Astearen egitarauarekin bat eginez, urriko hitzorduak adinekoak izango ditu ardatz. Horretarako, ’80 Grados Norte: donde el tiempo se congela’ dokumentala proiektatuko da datorren urriaren 2an, 18:30ean, Emakumeen Etxean bertan. Ondoren, Esther Aristieta protagonistarekin solasaldia egiteko aukera izango da. Sarrera doakoa izango da, aretoko edukiera bete arte.
Emanaldi honek zahartze aktiboari buruz hausnartzera gonbidatzen du publikoa, bizitzako edozein etapatan erronka berriei aurre egitearen garrantzia nabarmenduz. Aristietak Artikora egindako bidaiaren esperientziaren bidez, dokumentalak adinari lotutako estereotipoak hautsi nahi ditu, eta adineko emakumeen autonomiaren, norberaren hobekuntzaren eta ongizatearen balioa aldarrikatzen du. ‘Elkarrizketa Feministak’ foroa joan den urtarrilean abiatu zen, hilero emakume zein gizonengan eragina duten errealitate anitzei buruzko gogoeta bultzatzeko asmoz.



