Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren XVI. edizioa uztailaren 15etik 19ra ospatuko da

Irunek bere ondare erromatarra berreskuratu eta herritarrekin partekatzeko hitzordu handia hurbiltzen ari da. Irungo Udalak Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren XVI. edizioa aurkeztu du gaur, ekainak 8. Aurten, ospakizuna uztailaren 15etik 19ra bitartean garatuko da, eta Oiasso Museoan zein hiriko hainbat gunetan ikuspegi hezitzaile eta parte-hartzailea duten ekintza ugari egingo dira.

Prentsaurrekoan Nuria Alzaga Kulturako eta Hiri Bultzadarako ordezkariak, Aizpea Goenaga Oiasso Museoko zuzendariak eta Ainhoa Gordo aurtengo kartela diseinatu duen tokiko artistak parte hartu dute. Alzagak azpimarratu du jaialdi hau Irun kanpora proiektatzeko eta gure historia hiri-nortasunaren parte gisa gogoratzeko aukera paregabea dela, hamabost edizioren ondoren irundarrentzat zein bisitari guztientzat guztiz finkatuta dagoen hitzordua baita.

Programa zabala

Uztailaren 15etik (asteazkena) 19ra (igandea) bitartean, publiko guztiarentzako programa zabala eskainiko da. Garai hartako birsortze historikoak Oiasso Museoan eta Almudena Grandes plazan kokatuko dira, azken gune hau museoko terma erromatarren ondoan baitago. Espazio kultural honetan Emilio del Ríoren hitzaldia, hainbat antzezlan eta Nayade Abesbatzaren emanaldia gozatu ahal izango dira. Gainera, azoka erromatarrak Oiasso museoaren inguruko kaleak girotuko ditu jaialdiak irauten duen egun guztietan zehar, herritarrak Oiasso zaharraren portu, terma, nekropoli eta meategien historiara modu didaktiko eta jai-girokoan hurbiltzeko.

Gastronomia eta ikuskizun handiak izango dira, beste behin, edizio honetako erakargarri nagusienak. Hiriko hogei bat taberna eta jatetxek hartuko dute parte pintxo erromatarraren ibilbidean eta, iaz izandako arrakastaren ondoren, isicia omentata (erromatar errezetako haragi-bola) txapelketan. Horrekin batera, San Juan plazak Convivium edo ohiko afari erromatarra hartuko du berriro ere; eguraldi txarra eginez gero, Santiagoko pilotalekuan egingo litzateke, karpa batez estalita. Plaza honetako hondarrean zirku erromatarraren ikuskizuna ere ospatuko da, gladiadoreen borrokekin. Jaialdiaren unerik berezienetako bat uztailaren 18an, larunbata, iritsiko da arratsaldeko 19:00etan: Isis jainkosa omentzeko eta itsasoko nabigazioa ospatzeko prozesio erromatarra (Navigium Isidis) egingo da hiriko kaleetan zehar.

Sarrerak asteazkenetik aurrera

Antzezlanerako, zirku erromatarraren hiru ikuskizunetarako eta Convivium afarirako sarrerak ekainaren 10etik aurrera (asteazkena) egongo dira salgai. Interesatuek Udalaren webgune ofizialaren bitartez eskuratu ahal izango dituzte txartelak, baita Luis Marianoko lorategietan dagoen turismoko bulegoan bertan ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude