Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak LGTBIQ+ programaren udazkeneko egitaraua aurkeztu du, dibertsitatea ospatzeko eta gutxi ezagutzen diren errealitateak ikusarazteko helburuarekin. Maite Cortina Berdintasuneko eta LGTBIQ+ Eskubideetako ordezkariak azpimarratu duenez, ekimenen xedea da herritarrei LGTBIQ+ pertsonen esperientziak hurbiltzea, elkarrizketa piztea eta aurreiritzirik gabeko gizarte inklusiboago bat eraikitzen laguntzea.
Egitarauak zine-emanaldi eta dokumental eskaintza zabala bilduko du Amaia Kultur Zentroan eta Emakumeen Etxean. Irailaren 18an ‘La misteriosa mirada del flamenco’ filma proiektatuko da Paula Dinamarca aktorearekin, eta urriaren 7an ‘Ander’ lana ikusteko aukera egongo da Maskulinitateei buruzko Zikloaren barruan. Azaroaren 16an ‘Mi pequeño gran samurai’ dokumentala eskainiko da, Naizen elkarteko senideekin solasaldia eginez, eta abenduaren 2an Afioco Gneccok ‘Este cuerpo mío’ lana aurkeztuko du.
Kultur eskaintza osatzeko, azaroaren 3an Nazioarteko Elkartasuna (NESI) elkarteak ‘Libreak eta disidenteak’ argazki-erakusketa eta tailerra inauguratuko ditu Emakumeen Etxean (azaroaren 30era arte ikusgai). Horrez gain, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean Bea Sever sexologoak haur zein gazteen transexualitateari buruzko prestakuntza-saioak emango ditu Palmera Montero Zentro Zibikoan, lehen eguna herritarrei eta bigarrena irakasleei zuzenduta. Jarduera guztietan sarrera doakoa izango da lekuak bete arte.



