Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak 2026ko udako euskararen erabilera indartzeko egitasmoen balantze oso positiboa aurkeztu du. Josu Iguíñiz Euskara ordezkariak azaldu duenez, uztailean eta abuztuan martxan egon diren bi programa nagusiek gutxi gorabehera 9 puntuko balorazioa lortu dute 10etik.
Batetik, Solas Jolas udaleku irekietan 552 haurrek parte hartu dute hiriko 47 taldetan banatuta (480 uztailean eta 72 abuztuan), Haur zein Lehen Hezkuntzako umeen jolas-hizkuntza euskara izan dadin hezitzaileen laguntzaz. Horrez gain, hezkuntza-premia zehatzak dituzten 20 haurri ere harrera egin zaie berariazko langileekin. Familien gogobetetze-inkestan 4,57 puntu lortu ditu 5etik (% 91k 4 edo 5 emanda), eta notarik altuena hezitzaileek (4,61) nahiz haurren ongizateak (4,55) jaso dute.
Bestetik, Udagiro egitasmoak doako euskara-errefortzua eskaini die beste herrialde edo erkidego batzuetatik etorritako 10 eta 17 urte bitarteko 82 ikasle berriari (eskaeren % 64 DBHkoak izanda). Herri Jakintza Euskaltegiak emandako klaseetan 90 plaza bete dira zortzi taldetan banatuta, eta irakasleek ezarritako helburuak % 86,7an bete dira bertaratze handiarekin (% 83,1). Programaren bidez mintzamena indartzeaz gain, datorren ikasturteari begira izen-emate sistemak zein itxaron-zerrendak optimizatzea aurreikusi da uztailerako egon den eskaera altuari hobeto erantzuteko.
Euskararen erabilerari bultzada
Bi programa hauek Eusko Jaurlaritzaren AROA marko estrategikoaren (2024-2034) eta Irungo Udalaren 2026-2029 Ekintza Planaren barruan kokatzen dira, 16 urtetik beherakoen aisialdi antolatuan euskararen erabilera bermatzeko helburuarekin. Iguíñiz ordezkariak azpimarratu du uda ez dela eten bat euskararentzat, Solas Jolas hizkuntzari eusteko zein Udagiro harrera egiteko tresna paregabeak baitira. Azkenik, ordezkariak eskerrak eman dizkie lan egin duten hezitzaile zein irakasleei, antolatzaileei (Hezten eta Herri Jakintza) eta, bereziki, udan ere euskara aukeratu duten familiei.



