Irungo Jaietarako kartelak aurkezteko epea apirilaren 11tik 22ra egongo da zabalik

Irungo Udalak, Kultura Arloaren bidez, 2023ko San Pedro eta San Martzial kartel lehiaketa deitu du. Sariketan parte hartu nahi dutenek Amaia Kultur Zentroan aurkeztu beharko dituzte lanak apirilaren 11tik 21era bitartean. Lehenengo saria 1.200 eurokoa izango da, eta 300 euroko accesit bat ere emango da.

Azken urteetan ohikoa izan denez, kultura, diseinu, arte eta komunikazio munduko profesionalek osatutako batzorde artistiko batek atariko aukeraketa bat egingo du aurkezten diren lan guztien artean. 40 kartel baino gehiago aurkezten badira, bostetik hamar obrara bitartean sartuko dira finalean, eta, 40 kartel baino gutxiago aurkezten badira, bost. Azken fasean, herritarrek bozkatuko dute irabazlea.

Obren aurkezpena

Paperezko euskarrian aurkeztu beharko dira obrak, 70 x 50 cm-ko formatu bertikalean. Kartelaren neurri bereko euskarri zurrun batean muntatu beharko dira. Obra sortzeko teknika librea izango da. Testu hau agertu beharko da kartelean:

IRUN

SAN PEDRO – SAN MARTZIAL 2023

Ekaina-Junio

Karteleko irudia, paperean ez ezik, pendrive batean entregatu beharko da, kartelaren izenburua daramala, JPG edo PDF formatuan. Bereizmen desberdineko bi irudi entregatu beharko dira: 300 ppp-ko bat, 70 x 50 cm-koa, inprimategira bidaltzeko, eta bereizmen txikiagoko bat, webgunerako.

Ordutegi hauetan entregatu ahalko dira obrak: asteartetik larunbatera bitartean, 18:00etatik 21:00etara, eta, igandeetan, 11:30etik 13:30era. Astelehenetan eta Aste Santuko jaiegunetan, itxita egongo da Amaia KZ.

Elkarteen parte hartzea

Hasia da, martxoaren 24ra bitartean, entitate eta elkarteek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez Kultura Arloari jaietarako jarduera proposamenak helarazteko epea ere.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude