Gazteartean ekimenak eta Martindozenea Gaztelekuak ikasturte berriari energia berrituekin ekingo diote. Nobedadeen artean arloko arduradunek iragarri dute abenduan haurtxoko berri bat irekiko dela. Bestetik, Artia auzora zabalduko da Gaztelekuaren zerbitzua. Horretaz gain, Martindozenea Gaztelekuak gazte programazioa indartzen jarraituko du aurreko urteetan egin izan duen bezala.
Ikasturte berria nobedadeez beterik dator Irunen haurrentzat eta gazteentzat. Horrela, dagoeneko hirian martxan zeuden zerbitzuak eta espazioak indartzeaz gain, eremu berriak ere sortu dira. Santi Jiménez Gazteria arloko ordezkariak azaldu duenez, “Gazteria Arloak apustu argia egiten du umeen, eta gazte eta nerabeen alde”.
Nerabeen zaintzari dagokionez, Gaztelekua handitzeaz gain, Martindozenean 15-18 urte bitarteko nerabeei zuzendutako programa indartzea izango da beste lan-ildo bat. Programa horretan, berariazko gune bat prestatu da, eta berariazko programa bat diseinatuko da, beren beharrak, proposamenak eta kezka partikularrak jasotzeko, eta gazteek zuzenean parte hartuko dute hura diseinatzen eta garatzen.
Konekta konektatzeko
Aurten Gazteria arloaren helburuetako bat da adin tarte gazteenekin jardutea, eta, horretarako, Konekta bitartekaritza zerbitzuaren aldeko apustua egin da. Zerbitzu horren bitartez gazteentzako jarduera interesgarriak ere antolatuko dira: musika jaialdiak, programa artistikoak, tailerrak, irteerak, etab. GazteARTEan Konekta 16 urtetik 25era bitarteko irundarrentzako zerbitzu bat da, eta bertan, bi bitartekari gaztek ekimenak sustatu eta garatzen dituzte berakiekin batera. Nahiz eta Konekta 2018az geroztik dagoen martxan, aurtengo urritik aurrera, nabarmen gehituko dira zerbitzu orduak, hartara jarduera eskari gero eta handiagoari erantzuteko.
AsexoraT
Azkenik, azpimarratu behar da arloak apustu sendoa egin duela AsexoraT Zerbitzuaren bidez heziketa sexuala eta afektiboa lantzeko. Ikasturte honetarako, Zerbitzuaren jarduera ildoak zabaldu dira, eta helburua da sexu eta afektibitate heziketa errespetuzkoa, gogoetatsua eta osasungarria sustatzea, funtsezkoa baita Irungo gazteen garapen pertsonalerako.
Aurrez aurre eta bitarteko digitalen bidez sexu eta afektibitate aholkularitza emateaz gain, sexualitateari buruzko topaketak, hitzaldiak eta sentsibilizazio jarduerak antolatuko dira, adin tarte bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta. Horrez gain, hezteko erantzukizuna duten pertsonei ere aholkularitza eskainiko zaie, eta sare sozialak alor afektibo eta sexualari dagokionez nola erabiltzen diren ere landuko da.
Haurrez ahaztu gabe
Haurrei dagokienez, eta iaz onetsitako Haurren eta Nerabeen I. Plana izango delarik jarduera esparrua, nabarmendu behar da HaurARTEan programa finkatu egin dela. Haurtzaroaren ikuspegitik lan egiteak eta hezteak dituen inplikazioak azpimarratzen dira HaurARTEan programaren bidez, eta aurreikusita dago 2022-2023 ikasturtean hainbat tailer egingo direla eta errespetuz haztearen inguruan dibulgazio materiala sortuko dela (podcasta, bideo pilulak).
Haurtxokoak bueltan
Bestetik, Haurtxokoen zerbitzua martxan egongo da berriro ere hasi berri den ikasturtean. Gogoratu behar da 4 ekipamendu dituela Haurtxokoen sareak: Katea, Txiki-Lab, Palmera Montero, Lapitze eta “El Rancho” – San Migel. Ikasturte hasierarekin batera Irungo Haurtxokoetan izena emateko epea ireki zen irailaren 7ra arte. 4 urtetik 11ra bitarteko haurrentzako zerbitzua da, eta proposamen sortzaile, estimulatzaile, hezigarri eta, batez ere, dibertigarriak eskaintzen ditu programak. Helburua da gizarte, kultura eta arte trebetasunen garapena bultzatzea. Horretarako, era guztietako tailerrak eta jarduerak egingo dira, baita ikasturte osoan Familia Ta Lagun programaren bidez familian partekatzeko proposamenak ere. Aurten, normaltasunean arituko dira erabat, eta txanda bakoitzean, 24 plaza egongo dira. Guztira, 288 plaza eskaintzen dira.
Martindozenea gazteen gotorleku
Irungo Martindozea Gaztelekuak irailaren 13an ireki zituen ateak berriro, ikasturte berriari hasiera emanez. Beti bezala, nerabeei eta gazteei zuzendutako programa bat jarriko da abian, tailer, jarduera, ekimen, eta abarrekin; haien interesetatik abiatuta, aisialdi hezitzaileko eskaintza zabala eskainiz. Espazioaren ordutegia astearte, asteazken eta ostegunetan 17:00etatik 20:00etara eta ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara izango da.
Ikasturte honetan ere adinaren arabera bereizitako bi gune eskainiko dira; ostiraletan eta larunbatetan, Gaztelekuko bigarren solairua 15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat bakarrik gordeko da. Gune hau irailaren 16an jarriko da martxan, eta astebururo (ostiral eta larunbatetan) egongo da zabalik, 17:00etatik 21:00etara.
Irailaren 12an berriz, ate irekien jardunaldi bat egin zen Gaztelekuko espazioa, funtzionamendua edo langileak ezagutzeko interesa duten pertsona guztientzat; gurasoak, erantzukizun hezitzailea duten pertsonak eta abar.
Gainera, irailaren 21ean abian jarriko den “Tela Akrobatikoen” ikastaroan izena emateko epea zabalik dago. Ikastaroa asteazkenero egingo da ikasturte osoan zehar. Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Gaztelekuarekin.
Gazteleku zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, 943636926 telefonoa, 690706471 zenbakian WhatsAppa, gazteleku@irun.org posta zein gazteleku_irun Instagram kontua erabil daiteke.