GazteARTEAN, Irungo Udaleko Gazteria Zerbitzuak, heziketa digital positiboari buruzko bost tailer antolatu ditu. Santi Jiménez Gazteria eta Hezkuntzako ordezkariak asteazken honetan prentsaurrekoan aurkeztu duen ekimen hau HaurARTEan programaren barruan kokatzen da, eta asmoa da haur eta nerabeen eskubideak erdigunean jartzen dituen tokiko ikaskuntza-komunitatea izatea. Hala, martxotik ekainera bitartean egingo diren bost tailer horiek guraso eta hezitzaileentzat dira.
Santi Jimenezek nabarmendu duenez, tailer horiek “oso erabilgarriak eta positiboak izango dira familientzat; izan ere, kontu digitala gero eta gehiago sartzen ari da gure adin txikikoen bizitzan, eta, askotan, ez gara jabetzen horrek zer arrisku duen, ez eta sare sozialetatik edo mugikorretatik zer alderdi positibo atera daitekeen ere, adibidez”.
HaurARTEan tailerretan heziketa digitalarekin lotutako hainbat gai landuko dituzten profesionalak egongo dira. Hala, esperientzia digital positiboei buruz hitz egingo da, eta familian lantzeko teknika batzuk eskainiko dira. Halaber, ohartaraziko da sare sozialak zeinen gaizki erabiltzen diren, eta zenbait gai ukituko dira, hala nola ciberbullying-a, irudi intimoak partekatzearen ondorioak eta abar. Azken gai horri dagokionez, nerabeek modu inkontzientean hautematen dituzten sexismoak eta indarkeriak aztertuko dira, eta horiek identifikatzen laguntzeko zenbait gako landuko dira.
Era berean, mugikorrak eta sare sozialak gero eta gehiago erabiltzen dira gehiegikeriaz, eta modu berriak ere badaude ausazko jokoetara iristeko adibidez. Gai horiek ere leku bat izango dute tailer horietan. Saio praktiko batekin osatuko da programa. Saio horretan, adingabeek gehien erabiltzen dituzten sare sozialek eta bideojokoek zer ezaugarri dituzten eta horiek nola erabiltzen diren aztertuko da, eta baita nortasun digitalak nolako garrantzia duen ere.
Tailer horietan, gai horietan adituak diren pertsonak egongo dira; besteak beste, Gemma Martínez, PantallasAmigas erakundeko kidea eta EU Kids Online-ko doktoratu ondoko ikertzailea; Ana Estévez, Deustuko Unibertsitateko Nortasuna, Ebaluazioa eta Tratamendu Psikologikoa departamentuko irakasle titularra; Raquel Calvo, gizarte-hezitzailea eta sexologoa; Jorge Flores, PantallasAmigaseko zuzendaria, eta Nagore García Sanz, aholkularia eta hezitzailea komunikazioko bitarteko sozialetan.
Hau da tailerren egutegia:
- Martxoaren 30ean, “Esperientzia digital positiboak familian: gure seme-alabak digitalki hezteko erronkak eta gakoak”. Gemma Martínez.
- Apirilaren 6an, “Sare sozialak gaizki erabiltzea: ciberbullying-a, sexting-a, grooming-a, aztarna digitala“. Ana Estévez.
- -Maiatzaren 7an, “Sexismoak sarean eta horrek nerabeei nola eragiten dien”. Raquel Calvo.
- Maiatzaren 19an, “Mugikorra, sare sozialak, bideojokoak eta on line jokoak neurriz kanpo erabiltzea. Nola jokatzen dugu?”. Jorge Flores.
- Ekainaren 9an, “Nerabeek erabiltzen dituzten sare sozialen eta bideojokoen ezaugarriak, erabilera arduratsua eta nortasun digitala”. Nagore García Sanz.
Martxoaren 30eko eta apirilaren 6ko saioetarako izen emateak martxoaren 18tik aurrera irekiko dira www.irun.org webgunean, tokia bete arte. Gainerako tailerretan izena emateko epeak eguna hurbildu ahala irekiko dira, eta, dagoeneko, Irungo Udalaren web orrian kontsulta daitezke. Palmera Montero Gunean egingo dira guztiak.
“Tailerrez gain, HaurARTEan dibulgazio-erreferentzia iraunkorra bihurtzea nahi dugu; beraz, txostengile bakoitzarekin podcast bat eta bideo-pilula bat grabatuko ditugu, tailerrera joaterik ez duten pertsonek edozein unetan jakin dezaten zer baliabide dauden gai horiei buruz, arloko web orriaren bidez material horretara sartuta“, azaldu dute Gaztearteanetik.
Teknologia berriek gure egunerokoan eta adingabeenean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira, eta horri erantzutea da programaren asmoa. Berrikuntza eta aurrerapen handiak izateaz gain, arrisku batzuk ere badituzte. Horregatik, garrantzitsua da nerabeek erabiltzen dituzten baliabide digitalen gorabeherak ezagutzea, familian hezkuntza digital positiboa sustatzeko.