Irungo Argazkilaritza Elkarteak Irun Hiria Argazki Lehiaketaren XXXVII. edizioa deitu du. Ekainaren 12ra arte, asteazkenera, aurkeztu daitezke lehiaketan parte hartzeko lanak. Izan ere, elkartetik adierazi dutenez, nahi duen pertsona orok izango du lehiaketan parte hartzeko aukera. Bi gai proposatzen dira horretarako: Irun eta librea.
Irungo Argazkilaritza Elkarteak jakinarazi duenez, zuri-beltzeko edo koloretako argazkiak onartzen dira, eta jatorrizko hartualdian edozein edizio-teknika erabil daiteke. Ez da onartzen adimen artifizialak edo zuzeneko argazki-harrapaketatik ez datozen beste teknologia batzuek sortutako irudirik.
Egile bakoitzak gehienez hiru obra aurkeztu ahal izango ditu, eta haietako batek, gutxienez, Irun izango du gaitzat.Argazki bakoitzaren atzealdean gaia eta egilearen datu pertsonalak eta telefono zenbakia agertuko dira. Gainera, irudia librea izango da, baina argazki paperaren neurria 20X30 zm-koa izango da. Ekainaren 12ko arratsaldeko 20:00etan itxiko da lanak aurkezteko epea.
Argazkiak Irungo Izaga Kaleko 7. zenbakiko Irungo Argazkilaritza Elkarteko lokalean aurkeztu beharko dira, astelehenetan eta asteazkenetan 19:30etik 21:00etara edo: 212 posta kutxa. 20302-Irun. Bozketa mistoa izango da, alde batetik, aurkeztutako lanak erakusketaren inauguraziora etortzen den jendeak epaituko ditu, eto beste aldetik epaimahai tekniko bat izango da.
Ekainaren 17an lehiaketan parte hartu duten argazkien erakusketaren inaugurazioa egingo da IAEko aretoan, 19:30ean. Lanak ekainaren 26ra arte bisitatu ahalko dira 19:30etik 21:00era. Sari banaketa ekainaren 26an egingo da 20:00etan elkartearen aretoan. Bertan trofeoak emango zaizkie gai bakoitzeko lehen hiru sailkatuei bai eta argazki materialez osatutako opariak ere. Partaideek ezingo dute sari bat baino gehiago jaso.



