Irailaren 28an, larunbatean, Fikziohesioa antzezlana Kabigorrira iritsiko da. Arratsaldeko 19:30etik aurrera Kalte Kolektiboa konpainiaren euskarazko obra hau ikusi ahalko da. Antzezlanak 37 minutuko iraupena du. Iholdi Beristain, Oihan Carramiñana, Ander Lacalle, Gaizka Sarasua, Omar Somai eta Eider Villalba aktore eta sortzaileek parte hartzen dute bertan.
Fikziohesioa Jaques Lecoqen (“bande mimée”) plataformaren estiloan oinarritutako antzezpena da. Agertokia 1,5m x 2m-ko egurrezko plataforma batera mugatzen da, eta han gertatzen da jolas eszeniko guztia. Hizkuntza minimalista batekin, gorputzak erdigunean jartzen dira eta lau film ezagun kontatzeko eskaintzen dituzten aukera amaigabeak deskubritzen dira.
Fikziohesioa talde lana da, non aktore bakoitzak pertsonaia desberdinak interpretatzen dituen eta objektu eta espazio bihurtzen den. Irudimenak paper garrantzitsua jokatzen du antzezlan honetan, ikusleen eta aktoreen arteko jolas mutua sortuz.
Kalte Kolektiboa konpainia
Kalte Kolektiboa Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (UTB) ikasten ari zirela elkar ezagutu eta Kolektiboa sortzea erabaki zuten sei aktorek osatutako taldea da. 2023an, Bilboko 6. pabilioiko antzerki laburreko lehiaketaren hamargarren edizioan parte hartzea erabaki zuten, eta horrela sortu zen taldea eta beren lehen obra, Fikziohesioa. Lehiaketa hartan Antzerki Interpretazio Onenaren saria jaso zuten.