Elkarretaratzea egingo da gaur arratsaldean hirian gertatutako eraso sexista salatzeko

Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak elkarretaratzea deitu du gaur, irailaren 26an, arratsalderako hirian gertatutako eraso sexista salatzeko. Elkarretaratzea arratsaldeko 19:00etan egingo da, San Juan plazan. Era berean udalak babesa adierazi die mugimendu feministak gertakaria deitoratzeko antolatzen dituen ekitaldi guztiei.

Elkarretaratze deialdia zabaltzearekin batera, Irungo Udalak adierazpen instituzional hau zabaldu du irailaren 24ko egunsentian gertatutako sexu-erasoa salatzeko:

“Irailaren 24ko egunsentian gure udalerrian gertatutako eraso sexistaren aurrean, Irungo Udalak guztiz eta osotoro arbuiatu eta deitoratu nahi du eraso hori. Horrez gain, babesa eta gertutasuna adierazten dizkie biktimari eta haren ingurukoei, eta haien esku hartzen ditu Udalak dauzkan informazio eta baliabide guztiak, osatzeko eta berreskuratzeko prozesuan behar izan ditzakeenak.

Irungo Udalak, gertaeraren berri izan duenetik eta erasoari buruzko informazioa berretsi, egiaztatu eta zabaldu ondoren, indarkeria sexistaren alorreko erakundeen arteko arreta- eta koordinazio-protokoloa aktibatu du, bildutako informazioa baloratzeko eta koordinazioa antolatzeko, biktimari eta haren ingurukoei arreta egokia ematen zaiela bermatze aldera.

Arreta ziurtatu eta jasotako informazioa baloratu ondoren, Irungo Udalak erabaki hauek hartu ditu: alde batetik, Udalaren jarrera irmoa adieraztea, argi eta garbi esateko ez ditugula onartzen emakumeen giza eskubideak urratzen dituzten eraso hauek eta, bestetik, herritar guztiei bide bat eskaintzea indarkeriazko ekintza hauek arbuiatu ditzaten, erasotako emakumeen eta, azken batean, emakume guztien askatasunaren kontrako egintzak baitira.  Emakumeen kontrako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakoak ditu, baina emakumeak kontrolpean eta mendean betikotu nahi dituen egiturazko arazo bat du jatorrian.

Horrenbestez, indarkeria hori ez da gertakari isolatuen emaitza, ez eta azalpenik gabeko ekintzen ondorioa ere. Aitzitik, genero-aurreiritzietan oinarritutako sozializazio baten ondoriorik larriena eta lazgarriena da. Izan ere, sozializazio horrek emakumeak desberdintasun materialeko egoera batean mantentzen dituen gizartearen antolamendu baten aldeko giroa sortzen du, eta horrela emakumeen bizitzak prekarizatzen dira eta ez dira aitortuak gizonen pareko herritar gisa, eta beren oinarrizko eskubideak baliatzeko oztopoak jartzen zaizkie.

Irungo Udalak lanean jarraituko dugu, etenik gabe, arazo sozial honi aurre egiteko behar adina neurri sustatzeko, gure bizikidetza demokratikoaren oinarriei zuzenean eragiten dien arazoa da eta. Horretarako, besteak beste, bide bat eskaini eta sustatuko dugu irundarrek emakumeen kontrako eraso oro irmotasunez salatu eta deitoratu dezaten, emakume horiek inoiz ez daitezen bakarrik sentitu, eta erantzukizun kolektibo gisa har dezagun haiek osatu eta berreskuratzeko prozesua. Horrela, erasoek emakumeen artean beldurra zabaltzeko duten gaitasuna mugatuko du gizarteak, emakumeei eraso horiei aurre egiteko tresnak emanda, eta erasotzaileei ulertaraziko zaie beren ekintzak ez direla zigorrik gabe geratuko eta ondorioak izango dituztela.

Hori guztia dela eta, Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak herritar guztiei dei egiten die gaur ostiralean San Juan plazan egingo den elkarretaratzera etor daitezen, irailak 26ko arratsaldeko 19:00etan, eta babesa adierazten die mugimendu feministak gertakaria deitoratzeko antolatzen dituen ekitaldi guztiei”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude