Irun azaroaren 25erako, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Egunerako, prest dago

Azaroaren 25ean Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko eguna ospatzen da urtero. Data hurbiltzen ari denez, gaur goizean A25aren inguruan ondutako programa aurkeztu dute udaletxeko areto nagusian. Aurkezpenean izan dira Cristina Laborda Irungo alkatea eta Nuria Alzaga Berdintasuneko ordezkaria.  Haiekin batera, hiriko emakumeen elkarte eta elkarte feministatako ordezkariek aurkezpenean parte hartu dute.

Hala nola Bidasoaldeko Elkarte Feministak, Argoiak, Txingudiko Elkarte Feministak, Uxoak eta Gaurko Andreak Berdintasunaren aldeko elkarteak programa prestatzen lagundu dute. Azaro osoan zehar irundarrentzako askotariko ekimenak antolatu dituzte; 21 guztira. Antolatutako ekitaldiek hainbat helburu dituzte: herritarrak emakumeen kontrako arazoaren nolakotasunaren eta larritasunaren inguruan sentsibilizatzea, jarrera bortitzen prebentzioa hobetzea eta emakumeekin indarkeriarik gabe jokatzeko ereduak sustatzea.

Cristina Laborda Irungo alkateak gogoan izan du indarkeria matxistak zifra izugarriak uzten dituela urtero eta, horren aurrean, beharrezkoa dela “kontzientzia soziala” sortzea. Ildo horretan, erantzukizun indibidual eta kolektiborako deia egin du, emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko eta gizarte feminista baterantz aurrera egiteko, erakunde, elkarte eta herritarrak inplikatuko dituzten ekintzak sustatuta eta baliabideak bideratzen jarraituta.

2025eko azaroaren 25a

Azaroaren 25ean eguerdiko 12:00etan, Berdintasun Batzordeak deituta, San Juan plazan  elkarretaratzea egingo da. Jarraian, eguerdiko 12:30ean, Zabaltza plazan Hirubide BHI, Txingudi BHI, Eguzkitza BHI, Toki Alai BHI, El Pilar Ikastetxea, Plaiaundi eta Pio Baroja ikastetxeek elkarretaratzea egingo dute. Izan ere, aipatzekoa da hiriko hezkuntza-ehunaren inplikazioa, ikasgelen barruan ere berdintasuna sustatzeko. Horrela, hilaren 25ean, 12:30ean, Zabalgune plazan elkartuko dira.

Dena den, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Egunarekin loturiko ekitaldiak egun horretatik harago luzatuko dira. Lehen jarduera aurreko astelehenean izan zen, azaroaren 11n, Volver filmaren proiekzioarekin (Pedro Almodóvar, 2006). Azkena, berriz, azaroaren 30ean egingo da.

Jardueren egitarau osoa kontsultatu dezakezu esteka honetan.

Beldur Barik lehiaketa

Bestalde, Beldur Barik lehiaketaren sariak entregatzeko ekitaldia azaroaren 23an egingo da, larunbatarekin, FICOBAn, arratsaldeko 18:00etan. Sari banaketaz gain, gazteentzako Beldur Barik lehiaketa lokalaren ikus-entzunezko lanak proiektatuko dira.

Gainera, Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean urtero egin ohi duenez, Irungo Udalak adierazpen instituzional bat onetsiko du eta puntu morea jarriko da udaletxeko balkoian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude