Irungo Udaleko Gazteria arloak, Martindozenea Gaztelekuarekin eta Konekta zerbitzuarekin elkarlanean, Aste Santurako prestatutako ekintza berezien egitaraua aurkeztu du. Berrikuntzen artean, Aste Santuko programazio bereziaren iraupena apirilaren amaierara arte luzatu da, Frantzian eskolatutako erabiltzaileen eskariari erantzunez.
Santi Jimenez arloko ordezkariak gogorarazi du gazteek pandemiaren ondorioz une oso konplikatuak bizi izan dituztela eta ezin izan direla normaltasunez erlazionatu, bitarte horretan gauza asko galduz. “Aukera hau oso modu ona da berriz elkartzeko, eta ziur gaude asko gozatuko dutela”, adierazi du Gazteria arloko ordezkariak.
Beraz, Aste Santuko ekintza bereziak apirilaren 8an hasi ziren eta apirilaren 30era arte luzatuko dira. Ekintza gehienak Irungo Gaztelekuan bertan egingo badira ere, hainbat irteera berezi prestatu dira. Ane Calvo Gaztelekuko ordezkariak gogorarazi duenez, proposatutako ekintza gehienak doakoak dira, apirilaren 20an Donostiara egingo den irteera izan ezik. Txangoan parte hartzeko gazte bakoitzak 4 euro eta autobus bidaia ordaindu beharko ditu. Era berean, Gaztelekutik proposatzen diren ekintzetan parte hartzeko izena aldez aurretik eman behar da nahitaez, plazak mugatuta baitaude. Izen-ematea zuzenean Gaztelekura hurbilduz egin ahalko da, edo bestela 690706471 zenbakiko Whatsapp-era, gazteleku@irun.org helbide elektronikora edo Instagram bidez @gazteleku_irun kontura mezu bat idatziz.
Gazteenak ere hartzaile
Programazioaren iraupena luzatzeaz gain, Aste Santuko programazio berezia Martindozeneako gune guztietara hedatu da. Zehazki, Gaztelekuko lehen solairuko ekipamenduan ere ekintza bereziak egingo dira. Lehen solairua 15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat erreserbatutako gune da, haien beharrei, proposamenei eta kezkei erantzungo dien programa espezifiko bat garatzera bideratutakoa. Izan ere, Haur eta Nerabeentzako I. Planean jasotako ekintzetako bat da. Programaren garapenean Gaztelekuko Udal Zerbitzuan laugarren hezitzaile bat sartzea onartu da arretaren kalitatea bermatuta egon dadin.
Konekta zerbitzuak, Aste Santurako prestatutako ekintzen artean eta gazteen proposamenak entzun ostean, apirilaren 22an Irungo Kartingera irteera egingo du. Aurretik aipatutako gainerako irteerak ez bezala, irteera hau ez da doakoa eta gazteek 4 euro ordaindu beharko dituzte parte hartu ahal izateko, aurretiazko izen-emateaz gain. Inskripzioa osatzeko inskripzio orria eta ordainagiria entregatu edo postaz bidali beharko dira gazteleku@irun.org helbidera.
Adin talde horrentzako jardueren artean apirilaren 30erako diseinatu dena nabarmentzen da. Proposamen horrek aukera emango du elkartzeko eta harremanak berriz sortzeko. Maite Tolosa Konekta zerbitzuko arduradunak adierazi du hilabete amaierako festa “elkartu ahal izateko” toki bat izango dela, hori baita gazteen eskaera nagusia, are eta garrantzitsuago bihurtu baita sozializatzeko oinarrizko ohiturak galdu diren garai baten ondoren.
Zentzu horretan, apirilaren 30ean, jarduera eremu oso desberdinetarako proposamen bat antolatuko da, non diziplina desberdinak probatu, dastatu eta baliatu ahal izango dituzten: eremu artistikoa, sushi eremua, tarot eremua, perfume eremua, perkusioa… Aisiaren forma desberdinak esperimentatzeko aukera emango duen proposamena, dena egun berean eta helburu desberdinak dituzten gazteak elkartu daitezen.
Gaztelekutik proposatutako ekintzak
Apirilaren 13a: “Area 51” eskaladako aretora irteera. Jardueran jasotzen dira aretoko horma desberdinetan jolasak eta erronkak egitea.
Apirilaren 19a: markoak egiteko tailerra. Tailer honetan parte hartzaileek argazkientzako markoak egingo dituzte zeramikazko zatiak erabiliz. Egiten diren markoak etxera eraman ahal izango dira.
Apirilaren 20a: Egun osoko txangoa Donostian. Goizez TEKTONIKA erakusketa bisitatuko dugu Cristina Enean. Erakusketa horretan Garikoitz Murua eta Alicia Martinen lanak ikusi ahal izango ditugu. Gero, bazkaria Ondarreta hondartza ondoan, eta ondoren, lasertag jokoa ordubetez. Irteera goizeko 11:30ean izango da Irungo tren geltokian eta itzulera, berriz, 19:40an Colon ibilbideko topo geltokian. Oharra: Eguneko bazkaria eta MUGI txartela eraman behar da.
Apirilaren 21a: Perfumeak egiteko tailerra. 20 usain desberdinekin esperimentatuko dugu eta parte-hartzaile bakoitzak perfume esklusibo bat sortuko du.
Apirilaren 22a: Zapatilak kustomizatu. Tailer honetan apuntatzen direnek zapatila zuri batzuk margotuko dituzte.
Apirilaren 23a: Ihes gela. Proba eta asmakizun desberdinak gaindituz areto batetik 75 minutuan irteteko erronka dakar Gaztelekuak. Inskripzioa bakarka edo taldean egin daiteke.
Apirilaren 26a: Zinema.
Apirilaren 28a: Makrame tailerra. Makrame teknika erabiliz parte-hartzaileek belarritako original eta politak egingo dituzte.
Apirilaren 29a: Desberdintasuna bizitzea. Jarduera honen bitartez kirol egokitura hurbildu nahi dugu. Horrela, bertatik bertara ezagutuko ditugu kirolean aurki ditzakegun zailtasunak.
Apirilaren 30a: Sketch eta art graffity.