Aste Santuan programazio berezia Oiasso Museoan

Aste Santuko eta Pazko asteko oporrak gainean ditugu jada. Urtez urte opor-egun hauen datak martxotik apirilerako tarte horretan aldatzen badira ere, erromatar garaiko egutegira jotzen badugu, udaberriko lehen aste hauetan uztak eta artaldeak babesteko jaiegun eta ospakizun ugari aurkituko ditugu, eta ospakizun horien artean esanguratsuenetako bat Cerialia izeneko jaialdia da.

Cerialia jaialdia nekazaritza eta trantsizioen (tartean jaiotza, ezkontza eta heriotza) babesle zen Zeres jainkosaren omenez ospatzen zen. K.a. 176. urtetik aurrera, jaia apirilaren 12an hasi eta 19 arte iraun behar zuela zehaztu zen. Egun horietan debekatua zegoen beltzez janztea eta zuri koloreko arropak eramatea gomendatzen zen. Antzezlan eta otordu berezien antolaketa oso ohikoa zen eta jaialdiaren azken egunean zirkuan koadriga lasterketak ikusi zitezkeeni. Amaierako jardueren artean, su emateko lastargiak loturik zituzten azeriak askatzen zituzten zirkuan, Zeres jainkosari ofrenda moduan eskaintzeko. Ohitura horrek aitzinako elezahar bat zuen oinarri, zeinaren arabera mutil gazte batek azeri eme bat harrapatu, su eman eta nahi gabe urte hartako uzta guztiak erre baitzituen. Zeresen gurtza erlijiosoa emakumeek kudeatzen zuten eta haiek bakarrik parte hartu zezaketen, eta horregatik zuten enperatrizek oso gogoko jainkosa hau.

Apirilaren 21ean beste jai bat ospatzen zen, aurrekoa baino xumeagoa, Parilia deitutakoa, artzain eta artaldeen babesle zen Pales jainkosa gurtzeko. Egun horretan, sufrea erretzen zen horrek sortzen zuen keaz artaldeak purifikatzeko eta sakrifizio ez odoltsuak egiten ziren, esne eta pastelen eskaintzak esaterako. Egun hau, mitoaren arabera, K.a. 753. urtean gertaturiko Erroma hiriaren fundaziorekin lotuta zegoen, eta, hori horrela, Pales jainkosaren jaiak bere jatorrizko izaera galdu zuen pixkanaka eta K.o. II. menderako Romaia izena hartu zuen Erromaren sorreraren urteurrena gogoratzeko.

Urtero bezala, adin guztientzat egokiak diren jardueren programazio berezia antolatu dugu Oiasso Museoan Aste Santuko eta Pazko asteko opor hauetarako. Oraindik ez duzula Bidasoaldean aurkitutako ondare arkeologikoa ezagutzen? Egun jakin batzuetan, betiere goizeko 11:00etan, bisita gidatuak antolatuko ditugu 5,50 euroren truke:

-Apirilaren 18an, astelehena, Museoan barrena bisita gidatu komentatua izango dugu.

-Apirilaren 17an eta 24an, igandea, Irungo kaleetan barrena TIR aplikazioaren bitartez aztarnategi arkeologiko interesgarrienak zein diren adierazi eta Ama Xantalen ermitan sartuko gara, bertan aurkitutako errausketako nekropoli erromatarra ikustera.

-Apirilaren 16an eta 23an, larunbata, zatoz Irugurutzetako Interpretazio Zentrora, industrializazio garaiko meategiak eta kiskaltzeko labeak bisitatzera.

Honez gain, etxeko haur eta gaztetxoek erromatar mundua ezagutu dezaten , betiere goizeko 11:00etan eta 4 euroren truke, zenbait tailer antolatu ditugu, berezko jai egunetan familiek ere haurrekin batera parte hartu dezaten:

-Apirilaren 14an eta 21ean, Arkeolab: arkeologia tailerra. Indusketa batean parte hartu ondoren, aurkitutako objektuak laborategian ikertu ahalko dira. 8 urtetik gorakoentzat.
-Apirilaaren 19an eta 22an, Mosaiko tailerra. Erromatar mosaikoak egiteko teknika ezagutu eta tesela txikiak erabiliz bat sortuko dugu. 6 urtetik gorakoentzat.

-Apirilak 15ean eta 20an, “Erroma eta zinea”. Romulo eta Remo ezagunak egiten al zaizkizu? Tailer honetan animaziozko film labur baten pauso guztietan parte hartuko duzu. 9 urtetik gorakoentzat.

Honetaz gain, gure ohiko ordutegian eta prezioetan, museoa bera bisitatu dezakezu eta bertan maiatzera arte izango dugu ikusgai Gipuzkoako aingura litikoen erakusketa, sarrera doan. Harrizko bederatzi aingura dira, itsas ondarearen elementu ezezagunenetako bat ezagutarazteko. Gainera, etxeko txikienentzat familia giroan egiteko zenbait jarduera ere eskaintzen ditugu museoko ordutegian, 3,85 euroren truke:

-APP: Herkulesen 12 probak. 8 urtetik gorakoentzat. Gainditu itzazu hamabi proba Museoan egingo duzun ibilbidean.

-Oiassoko pieza bihurriak. Aurkitu Oiasso Museoan ezkutatuta dauden piezen argazkia eta partekatu sare sozialetan!

Adierazitako jarduera guztietan parte hartzeko, aldez aurretik erreserba egitea beharrezkoa izango da Museora bertara etorriz, 943 63 93 53 telefonora deituz edota honako helbide honetara mezu bat idatziz: Info-oiassomuseo@irun.org. Informazio gehiago gure webgunean: www.oiasso.com.

Anima zaitez!

Jokin Lanz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude