Barduliar soldaduak laster Oiasso Museoan

Antzinateko egungo Gipuzkoako lurraldean erromatarrek hiru herri identifikatu zituzten, karistiarrak, barduliarrak eta baskoiak. Erromatar Inperioaren lehendabiziko mendeetan bizi izan ziren zenbait geografo eta intelektualen arabera, Estrabon, Plinio Zaharra eta Klaudio Ptolomeo kasu, karistiarrak mendebaldean zeuden, Deba ibaia izanik barduliarrekiko muga. Azken hauen ekialdeko bizilagunak baskoiak ziren eta bien arteko eremua Gipuzkoan Urumea edo Oiartzun ibaiak erabakiko luke. Beraz, Bidasoaldea baskoien eskualdearen barnean zegoen.

Hegoalderantz, barduliarren lurraldea ekialdeko arabar lautadara eta Trebiñoraino luzatzen zen eta topaturiko erromatar garaiko inskripzio batzuk medio, bailara nafar batzuk, Lana eta Burunda tartean, barduliar esparruan sartuko zirela uste da. Kontuan izan beharra dugu muga hauek deskribatzen dituzten iturri idatzi hauek lurraldearen konkista eta gero idatziak izan zirela. Ondorioz, bertan jasotako informazioa ezin da guztiz fidagarritzat hartu garai aurre-erromatarreko egoera nolakoa zen ezagutzeko.

Oraingo honetan barduliarren inguruan hitz eginen dugu, laster Oiasso Museoan izanen dugun erakusketa bati loturik daudelako. Eskualde barduliarra K.a. 19. urterako erromatar inperioaren parte zen eta badirudi modu baketsuan integratu zela, konkista gerrarik gabe. Erromatar Inperioa probintzietan antolatzen zen eta gure zonaldea Tarraconensis izeneko probintzian txertatu zen, Tarraco (Tarragona) izanik hiriburua. Orokorrean, erromatarrek civitas modura (hirigunea, civitates pluralean) antolatzen zituzten beren menpeko lurraldeak. Civitas hauek beren kontrolpean dermio zabal bat zuten, bertan basoak, ibaiak, zelaiak, mendiak eta bigarren mailako asentamendu txikiagoak bilduz. Plinioren esanetan, barduliarrak hamalau hirigune nagusitan banatu ziren, baina ez ditugu guztien izenak ezagutzen. Autore grekolatindarrek gehien errepikatzen dituztenak Menosca (kostaldean, Getaria-Zarautz agian?) eta Alba (egungo Albeniz – Durruma inguruan) dira. Bidesarea ere egokitu zen, kostaldea lotzen zuen via maris bidea eta lautada arabarra zeharkatzen zuen Astorga-Bordele galtzada izanik barduliar lurraldeko komunikabide ardatz nagusiak. Bake erromatarrak eskaintzen zuen segurtasunak eta komunikabideen hobetze honek bertako jarduera ekonomikoentzat bultzada nabaria suposatu zuen, merkataritza izanik indar handiena lortu zuen sektoreetako bat.

Inperioko biztanle libre ororen helburu nagusienetako bat, jada berezkoa ez bazuen behintzat, hiritartasun erromatarra lortzea zen. Hiritartasun erromatarrak hainbat pribilejio eta erraztasun eskaintzen zituen egunerokotasunean, baina ez zen batere erraza hori lortzea. Litekeena zen autoritate erromatarrek civitas bat edo probintzia oso bat hiritartasunarekin saritzea hala merezi zuela irizten bazion. Gisa honetara gertatu zen K.o. 74. urtean, Vespasiano enperadoreak Hispaniako probintziak hiritartasun latindarrarekin saritu zituenean urte gutxi lehenago suertatutako guda zibilean eskainitako laguntzagatik. Hiritartasun latindarra erdibideko estatus bat zen eta zenbait pribilejio eskaintzen zituen, baina ez hiritartasun erromatarrak adina. Izaera latindarra izanik, dirudunek erromatar hiritartasuna lortu ahal zuten urte betez civitas-eko udal kargu bat betez. Herri xeheak ordea, zailago zuen gauza bera egitea eta, gehienetan, geratzen zitzaion irtenbide bakarra armadan izena ematea zen.

Herri indigenetako gizonen erreklutamendua bultzatzea Erromaren jarrera ohikoenetako bat izan zen. K.o. I. mende bukaerako zenbait inskripziok barduliar jatorriko soldaduz osaturiko unitate militar baten berri ematen digute, Cohors I Fida Vardullorum deitua. Kohorte laguntzaile hauek 600 bat gizonez zeuden osaturik eta 25 urteko zerbitzua bete behar zuten hiritartasun erromatarra lortu ahal izateko. Ikusten dugun Fida (leial) goitizena kohorte honetako gizonek aurrera eramandako ekintza arrakastatsu baten ondorioz lortuko zuen ziurrenik. Barduliarren unitate militar honek Britannia iparraldean igaro zituen bere urte gehienak Hadrianoren Harresiaren babes lanetan. K.o. 253. urtean datatutako inskripzio batek ematen digu kohorte honen existentziaren azken aipamena. Dena den, ezin dugu ahantzi kohorteari izena eman zioten jatorri barduliarreko soldaduak lehendabiziko generaziokoak soilik izanen zirela, haiek hil edo lizentziatzerakoan kanpamendu militarretik gertu bizi ziren gizonak erreklutatuz betetzen baitziren haien postuak, kasu honetan Britainia iparraldeko biztanleak. Oiasso Museoan egun gutxiren buruan izanen dugu soldadu hauen berri emanen digun erakusketa bat, adi egon gure jakinarazpenei!

Jokin Lanz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude