Gaur goizean Jose Antonio Santano Irungo Udaleko alkateak eta Cristina Laborda Obra Arloko ordezkariak Poxpologile kalea berrurbanizatzeko lanak bisitatu dituzte auzoko bizilagunen elkarteko kideekin batera. Orain arte, Dunboa eta Erlaitz kaleen arteko tartean esku hartu da nagusiki. Ur beltzak eta euri urak saneatzeko azpiegitura guztiak berritu dira dagoeneko, baita edateko ura banatzeko sareko hoditeria guztia ere.
Alkateak nabarmendu duenez, “lan hauek oso garrantzitsuak dira auzotar guztientzat, eremu osoa hobetuko baitute, kale osoko azpiegiturak barne”. José Antonio Santanok azaldu du faseetan lan egiten ari direla, baina aldi berean askartasunez, bertako bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sorrarazteko. “Horrela, laster, kale berri bat ikusiko dute, atseginagoa oinezkoentzat, espaloi zabalekoa, zuhaiztua eta ibilerrazagoa”, erantsi du alkateak.
Lanen bilakaera
Udaleko Obra Arloak jakinarazi duenez, gaur arte, lanen lehenengo fasean, Dunboa eta Erlaitz kaleen arteko tartean esku hartu da nagusiki: ur beltzak eta euri urak saneatzeko azpiegitura guztiak berritu dira, baita edateko ura banatzeko sareko hoditeria guztia ere.
Bestalde, argiztapen hodiak berritu dira: 7 metro garai diren zutabeak instalatu dira, bi argikoak, led teknologia erabiltzen dutenetakoak, ibilgailuentzako bidea eta oinezkoentzako espaloiak argiztatzeko. Era berean, zenbaki bikoitietako espaloian, 2 eta 4 zenbakien arteko tartean, zolagain berria jarri da, eta zenbaki bakoitietako espaloian ere hasi dira zolagain berria jartzeko lanak, 1 zenbakirainoko tartean. Bidean aglomeratua botatzea eta mailak doitzea falta da oraindik ere –lan horiek urte bukaerarako egitea aurreikusten da–, baina, pixkana-pixkana, aldi baterako bada ere, aparkatzeko tokiak berreskuratu dira.
Azkenik, Ramón Iribarren kaleko bidegurutzeko lanen fasean, ur beltzak saneatzeko hoditeria berritzeko lanak hasi dira, eta zenbaki bikoitien espaloian jarraitu, 10 eta 13 zenbakien parean, ur gora. Aurrerago, edateko ura banatzeko hodia kanalizatzeko lanak hasiko dira.
Proiektua Construcciones Otegui Gaztañaga SL enpresari esleitu zaio, 1.928.192,29 euroan, BEZa barne, eta lanak egiteko aurreikusten den epea hamalau hilabete da.
Kale berriaren itsura
Jarduketaren oinarria kalea berrantolatzea da: ibilgailuek noranzko bakarrean zirkulatu ahalko dute, eta 5 m zabal den errei bat sortuko da, ibilgailuak kalearen bi aldeetan baterian aparkatu ahal izateko. Antolamendu berriari esker, funtsean, oinezkoentzako espaloi zabalak sortu ahalko dira, eta egungo maila aldeak berdindu. Era berean, zuhaitzak berrituko dira, eta landatzen diren zuhaitzak eite txikikoak izango dira, etxebizitzak hurbil egotearekin bateragarriak izan daitezen.
Oinezkoen zirkulazio segurua bermatzeko, oinezkoentzako pasabide gehiago sortuko dira, goratuak, ibilgailuek abiadura murriztu behar izateko. Ildo beretik, espaloiak hobeto zolatuko dira, eta portaleetako irisgarritasuna hobetuko da. Horrelako berrurbanizazio lanen esparruan ohikoa denez, argiztapen azpiegiturak ere berrituko dira, LED teknologiako argiak jarrita, eta beharrezkoak diren saneamendu azpiegiturak eta edateko ura banatzekoak ere berriztatuko dira.
Antzeko beste jarduketa batzuen esparruan bezala, herritarrek proiektuan parte hartzea bultzatu da, eta, proposamenak bidaltzeko prozesuaren barruan, hamabi ekarpen jaso dira: gehienak, kalean ezartzekoa den zirkulazio noranzkoa aldatzearen alde; bi, kaleko zeharkako maldak zuzentzeko eskatzeko, fatxadetan urik ez izateko; eta besteak, aparkatzeko tokien, atarien eta pasabideen inguruan, besteak beste. Proiektuak eskaintzen zituen aukerak aztertu, eta, azkenean, noranzkoa aldatzeko eskaera onartu da: kalea noranzko bakarrekoa izango da, eta sarrera Ramón Iribarren kalean egongo da, kanalerantz.
Next Generation EU funtsak
Poxpologile kaleko proiektua, 1.088.865,32 euroko diru-laguntzarekin, Merkatuei, merkataritza-hiriguneei, merkataritza ez-sedentarioari eta merkaturatze-kanalei laguntzeko laguntza-planaren barruan dago eta Europar Batasunak finantzatzen du – NextGenerationEU funtsen barruan –.