Bidasoko herritarrek Avenida Zubiaren irekiera ospatu dute gaur

Avenida Zubiaren irekiera gaurko, urriaren 30erako iragarria zegoen arren, atzo arratsaldean kendu zituzten zubia erdibitzen zituzten hesiak. Gaur goizeko lehen orduan mugaren bi aldeetako herritarrak Irun, Hendaia eta Hondarribiko alkateekin batera zubiaren irekiera ospatu dute.

Ia hiru urtez itxita egon ostean, dagoeneko azkenean posible da Avenida Zubia alde batetik bestera zeharkatzea. Bitarte horretan, Frantziako Tourra izan da zubia irekitzeko salbuespen bakarra. Orain, behin hesiak desagertuta, Irun eta Hendaia arteko zubia erabilgarri dago berriro. Pasabide honetaz gain, gaur ere Larrain, Aldude eta Izpegiko mugako pasabideen irekiera ere aurreikusita zegoen.

Kotte Ecenarro Hendaiako alkateak, José Antonio Santano Irungo alkatea eta Igor Enparan Hondarribiko alkatea Avenida Zubiaren erdigunean elkar besarkatu dute goizeko 8:30erako minutu batzuk falta zirenean. Eskualdeko alkateek zubiaren irekiera ospatu dute horrela, lorpen hau posible izateko herritar mugimenduek izan duten garrantzia azpimarratuz. Esaterako, Pont Avenida mugimenduak 13.000 sinadura bildu ditu zubiaren irekiera eskatzeko.

Hiru alkateek zubiaren irekierak pertsonen zirkulazio librerako eskubidearekin bat etorri behar dutela adierazi dute. Era berean, udal agintariek adierazi dute  eskualdeko muga-pasaguneetako batean ere ez litzatekeela kontrol arrazistarik egin behar. Izan ere, berriki, mehatxu terrorista argudio moduan erabiliz, mugako pasabideetan kontrolak areagotuko direla iragarri zen.

Argazkietan Avenida Zubiaren irekiera ospatzeko gaur goizean burututako ekintzen laburpena ikusi daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude