Irunek memoria demokratikoa iraunkor bihurtzeko gune fisiko berri bat izango du

Irungo Udalak, Gizarte Ongizate eta Berdintasun arloko Memoria Demokratikoaren zerbitzuaren bitartez, ‘Memoriaren Txokoa’ izeneko topagune berria sortzeko prozesua abiatu du. Espazio honen ardatza izango den eskultura urbano bat diseinatzeko lehiaketa jarri dute martxan, eta interesdunek proposamenak aurkezteko epea urriaren 8an amaituko da. Ekimenak 30.000 euroko lizitazio-aurrekontua du (BEZa barne), eta epaimahaiak lau irizpide nagusi hartuko ditu kontuan lanak baloratzeko orduan: balio demokratikoak, kalitate artistikoa, originaltasuna eta bideragarritasun tekniko zein ekonomikoa.

Gorka Álvarez Giza Eskubide, Memoria Demokratiko eta Lankidetzako ordezkariak azaldu duenez, espazio honen helburua da memoria demokratikoak hirian “toki fisiko bat” izatea, indarkeria, errepresioa eta erbestea pairatu zituztenak omentzeko eta belaunaldi berriei balio demokratikoak helarazteko. Proiektu berri hau Udalak 1936ko Irungo okupazioaren 90. urteurrenaren harira garatzen ari den lan-ildoaren barruan kokatzen da, memoriari lotutako egitasmoei izaera iraunkorra emateko asmoz.

Behin proiektu artistiko irabazlea aukeratuta, Udalak aztertuko du zein den kokalekurik aproposena eskultura eta espazio hori behin betiko ezartzeko. Lehiaketari buruzko informazioa, dokumentazioa eta oinarriak Irungo Udalaren webgunean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean daude eskuragarri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude