Irungo Udalak hiriko tren elektriko berria aurkeztu du: turistentzako garraiobide bat, Tren Txikito izen historikokoa, isila eta ingurunea zaintzen duena eta hiriko ondare historiko eta kulturala erakutsiko duena. Abenduan jarriko da martxan. Tren elektrikoa 450.000 euro kostatu da, BEZa barne, eta % 100 Europar Batasunak finantzatu du, NextGenerationEU funtsen bidez, Errekuperazio, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Izenak Irungo trenaren historia eta Bidasoko tren zaharra omentzen ditu, eta trena XXI. mendeko tren moderno bat da: lokomotor gorria eta bi bagoi, erabiltzaileen segurtasuna eta konforta bermatzeko ekipamenduaz hornituak.
Tren elektriko berriak igandero Tour Erromatarra egingo du, Oiasso Museotik Ama Xantalen ermitara: 10:00etan, gaztelaniaz, eta, 12:30ean, euskaraz. Zehazki, erdialdean barrena ibiliko da, hirian egindako aurkikuntza arkeologiko nagusien berri ematen, eta ermitaren barruko nekropoliko aztarnategia bisitatzeko aukera ere emango du. Gerora begira, 2026ko udaberritik aurrera trenak Oiasso Museoa eta Irugurutzetako meatokiak komunikatzea da asmoa; alegia, Irungo iraganeko meatzaritzari dagokion balioa eman nahian meategiak birgaitutakoan.
Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko Arloko eta Kultura Arloko ordezkari Nuria Alzagak, Mugikortasun Jasangarriko Arloko ordezkari Sergio Javierrek eman dituzte azalpenak, Oiasso Museoko zuzendari laguntzaile Juanjo Jiménezekin eta Bidasoa bizirik-eko zuzendari Eva Fernándezekin batera.
Nuria Alzagaren esanetan, tren elektriko berriari esker, Irungo Udalak bere historiaren parte bat errekuperatu du: “trenaren beraren izena, trenak hirian duen tradizioaren omenez”. Emozioez harago, ondare historiko eta kulturalarekin harremanetan jartzeko asmoa iragarri dute udaletik, “trena turistikoa ere izango baita eta hiriko bi toki berdingabe komunikatuko baititu: Oiasso Museoa eta Irugurutzetako meatokiak”.
Sergio Javierrek, berriz, nabarmendu du zer-nolako gaitasuna duen Udalak hirian mugitzeko modu jasangarri berriak sustatzeko. “Ez dago mugikortasuna historia eta kulturarekin nahastea baino hoberik, eta konbinazio horrek hiriaren sustapenean aurrera egiteko aukera emango digu, mugikortasun jasangarria eta ingurumenaren zaintza ditugula ezaugarritzat”.
Tren % 100 elektrikoa
Trena % 100 elektrikoa da, 100 kilometro inguruko autonomia du, 27 km/h-ko abiadura irits dezake, hiru unitatek osatzen dute (lokomotor batek eta bi bagoik), eta 38 bidaiari kabitzen ditu. Eserlekuak ergonomikoak eta iragazgaitzak dira. Trenak berokuntza sistema eta airea girotzeko sistema ditu, urte osoan erabiltzaileen konforta bermatzeko, eta badu gurpil aulkian dabiltzan pertsonentzako tokia ere, lokomotorrean, eta erabiltzaileak igotzeko arrapala elektriko bat.
Ekipamendu teknologikoari dagokionez, audiogida sistema batek hamar hizkuntzatan emango ditu azalpenak, eta, GPS integratuari esker, automatikoki jarriko da martxan, ibilbideko mugari bakoitzean. Gainera, badira segurtasun kamerak.
Tren Txikitoaren bigarren aroa
Tren berriaren izenak badu bere zergatia. Tren Txikito Bidasoko trenaren izen herrikoia baitzen. Alde horretatik, Tren Txikito ez zen garraiobide hutsa izan Bidaso aldean, hamarkadaz hamarkada Irun eta Elizondo komunikatu baitzituen, Bidasoko herrietan barrena, eta eguneroko bizitzan ezinbestekoa bilakatu.
Trenbide estua, lokomotor txikiak eta bidaia patxadatsuak: horra hor, oro har, herritarrek trenari Txikito izen maitakorra jartzeko arrazoiak.
XIX. mendearen bukaeran inauguratu zen, eta 1956an itxi, eta gurpilen soinuak, bagoien keak eta trenaren bizitasunak arrasto sakona utzi zuten eskualdeko memoria kolektiboan.
Bestalde, ibilbide berriak Bidasoko trenaren ibilbidearen adar historiko bat gogorarazten du: hiru kilometro pasatxoko bidean Arteagako geltokitik Irugurutzetako labeetara zeramana, inguruko industriak eta meatzaritzak ematen zituzten material eta salgaiak Irugurutzetako instalazioetatik trenbide sare orokorrera garraiatzeko, eta, handik, inguruko portu eta fabriketara.
Irugurutzetara ere laister
Obrak martxoan jarri ziren martxan, NextGenerationEU funtsen finantzaketari esker neurri handi batean, egungo interpretazio zentroa gaurkotzeko eta, horrela, inguruari balio turistikoa emateko, eta haiek egiteko epea hamabi hilabete da. Tartean, museo instalazio aurreratu bat onduko da, baliabide digitalez eta ondarezko elementuez hornitua, eta, azkenerako, ingurua Aiako Harriko naturagunera Irundik sartzeko atea bihurtuko da.
Irugurutzetako ondarezko eremuan galeriak eta mea kiskaltzeko labeak daude, eta labe multzoa Euskal Herriko nagusietako bat da. Aiako Harriko meategien ustiapena erromatarren garaian hasi zen, baina Irugurutzetan bisitatu daitezkeen egiturak XX. mendeko meatzaritzari dagozkio; garai hartan, burdina ustiatzen zuten han.
Mea meategietatik labeetara eramaten zuten, burdinbide bat eta bagonetak erabiliz edo airetik, pertzak zintzilikatzeko kable batzuen bidez, eta, labeetan, kiskali egiten zuten, oxido bihurtzeko eta lege metalikoa handitzeko.



