Klima eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planaren (PACES) 2022-2030 txostenaren lehen emaitzak aurkeztu dira gaur. Txostenak jasotzen duenez, Irunek 15 urtetan hirian berotegi-efektuko gasen (BEG) isurketa % 45 murriztea lortu du. 2007an 319.000 tona karbono dioxido baino gehiago izatetik 2023an 175.000 tona izatera igaro da. Datu horrek berresten du energia-eraginkortasunera, mugikortasun iraunkorrera eta etorkizuneko ingurumen-erronkei aurre egiteko hiri-eredu prestatuago baten aldeko apustua egitera bideratutako udal-politiken egokitasuna.
Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak egindako agerraldian adierazi duenez, udalak zentzu guztietan hiri bizigarri bat eraikitzen jarraitzeko duen konpromisoa irmoa da. “Datuetara jotzen dut, izan ere berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteko abian jarritako jarduerak arrakasta handia izaten ari dira”, azaldu du Garapen Jasangarriko ordezkariak. Borja Olazabalek gaineratu duenez, “ildo horretan lanean jarraituko dugu, pertsonak eta haien osasuna lehenetsiz, garraio publikoaren erabilera bultzatzen dugun bitartean eta herritarrak kontzientziatzen jarraitzen dugun bitartean gure ingurunea ikuspuntu jasangarri eta errespetuzko batetik zaintzearen garrantziaz”.
Arintze-neurrien emaitza
Planaren ebaluazioan, garraioa nabarmentzen da hiriko berotegi-efektuko gasen isurketen eragile nagusi gisa, 2023an isurketen % 76,48 izan baitziren, eta gasolina eta gasolioa izan ziren isurketa-maila handienen adierazleak.
Egoera horren aurrean, Irungo Udalak 28 arintze-neurri prestatu zituen guztira, bost ildo estrategikorekin, eta horietan 9,6 milioi euro inbertitu dira 2023an eta 2024an: energia-eraginkortasuna, energia berriztagarriak, mugikortasuna, hondakinak eta xurgapen-potentziala. Gaur egun, neurrien % 68 hastekotan edo hasita daude.
Hala ere, mugikortasunaren sektoreak bi neurri ditu jada azken fasean. Alde batetik, hiriko garraio publikorako erregai alternatiboen erabilera dago, non argi eta garbi nabarmentzen den Irunbuseko hiri-linea guztien % 100 elektrifikatuta dagoela. Neurri horri esker (Irun aitzindaria izan da Euskadin), hiriak 515,11 tona karbono dioxido gutxiago isurtzen ditu urtean.
Etxolazarreta finkaren zaharberritze ekologikoaren proiektua ere badago, Naturklimarekin sinatutako hitzarmenari esker egina. Aiako Harria Parke Naturalaren barruan dago, eta 199.952 m2-ko azalera du guztira. Proiektu hori, finkako landarediak eta lurzoruek karbono-hustubide gisa jarduteko duten gaitasuna hobetzeko helburuarekin egin zen. Hala, 30 urteko iraupena duen proiektu honen bidez, 2.109 tona CO2 gutxiago izango direla kalkulatu da.
Konparazio gisa, autobusen elektrifikazioaren bidez, Etxolazarreta finkak zazpi urte eta erdian xurgatzen duenaren baliokidea urtean igortzea saihesten da.
Azken bi urteetan Klima eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planaren (PACES) barruan egindako jarduera garrantzitsuenei dagokienez, Irunbuseko flotari zuzendutako zazpi milioi euro baino gehiago nabarmentzen dira (elektrifikazioa, digitalizazioa eta karga-puntuak). Azpimarratu behar da Autobusen guztizko elektrifikazioa eta ekipamendu ontziratuaren hornidura Europar Batasuneko Next Generation EU funtsek finantzatu dutela, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan – Europar Batasuna – NextGenerationEU-k finantzatua.
Gainera, hainbat inbertsio aipatzekoak dira baita ere, Azken Portu kiroldegian autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat egitea, hiriko hainbat gunetako argiteria publikoa berritzea eta Sancho de Urdanibia ospitaleko estalkia hobetzeko obrak, besteak beste.
Era berean, egokitzapen-neurri batzuk daude, lau ildo estrategiko dituztenak (ura, ingurune naturala, ingurumen-kultura eta babes klimatiko soziala), eta horietan ia 1,2 milioi euro inbertitu dira 2023. eta 2024. urteetan.
Atal honek 18 neurri ditu guztira, eta neurri horien % 61 hasita daude, nahiz eta horietako bat ere ez dagoen oraindik azken fasean.
Hala, honako ekintza hauek nabarmentzen dira: uraren gaineko presioa murriztea eta baliabideari dagokionez hiriaren kalteberatasuna minimizatzea, natura-ingurunea klima-aldaketaren ondorio potentzialetara egokitzea, ingurumenaren eta haren erronka klimatikoen gaineko ezagutza sustatzea eta herritarrak beren osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen dituzten klima-baldintzetatik babesteko zuzeneko jarduerak egitea.



