76 taldek hartuko dute parte San Marcial klubak antolatutako Ricardo Gomez V. Txapelketan

San Marcial kirol elkarteak Ricardo Gomez V. Txapelketa antolatu du apirilaren 8tik 11ra bitartean, kimu eta benjamin mailako futbolarientzat. Aurreko edizioetan bezala, kirol ekitaldi honek izaera solidarioa izango du, eta aurten Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearekin lankidetzan arituko da kluba. Ekimenaren helburua gaixotasun honen eragina gutxitzea eta gaixoen bizitza hobetzea da; horregatik, sarrerak 2 euroko prezioa izango du, eta bildutako diruaren zati bat elkarteari emango zaio.

4 partida egun

Irungo San Jose Langilearen instalazioetan jokatuko den txapelketak Euskadi, Nafarroa, Kantabria, Aragoi, Frantzia eta Andorrako 76 talde bilduko ditu. Aurtengo nobedade nagusia emakumezkoen benjamin txapelketa izango da, zortzi talderen partaidetzarekin. Txapelketa apirilaren 8an, asteazken goizean, hasiko da kategoria horrekin, eta ondoren, 2016 eta 2017an jaiotako mutilen benjamin taldeen txanda izango da. Hurrengo egunean, apirilaren 9an, 2015eko kimuek hartuko dute lekukoa goizeko 09:00etatik aurrera.

Asteburuari begira, maila goreneko kartela osatu dute 2014ko kimuentzat. Apirilaren 10ean eta 11n, 34 talde ariko dira nor baino nor gehiago, horien artean Real Sociedad, Osasuna, Andorra, Zaragoza, Huesca, Limoges edo Pau bezalako klubak. Ostiralean hasiko da atariko fasea 24 talderekin, eta larunbat goizean Txapeldunen Fasea jokatuko da. Final handia apirilaren 11n, larunbat arratsaldean, aurreikusi dute 18:15ean.

Ricardo Gomez V. Txapelketaren inguruko xehetasun guztiak, ordutegiak eta emaitzak denbora errealean jarraitzeko, antolatzaileek webgune hau prestatu dute. Irungo klubak herritarrak deitu ditu kirolaz gozatzera eta, aldi berean, minbiziaren aurkako borrokan laguntzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude