Txingudi A taldea Oarso-Bidasoa-Donostia eskualdeko txapeldun izan da Gipuzkoako Herriartekoan

Txingudi A taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen pasa den martxoaren 28an, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren testuinguruan. Bailarako finalerdiak eta finalak jokatu ziren egun horretan, eta saio horietan gailendu ondoren, Txingudiko bertsolariek Oarso-Bidasoa-Donostia eremuko txapela janztea lortu dute. Garaipen honi esker, taldeak txapelketako bigarren fasera, hots, final laurdenetara igarotzeko txartela eskuratu du.

Txingudi A taldeak goizean goizetik ekin zion bideari, 11:00etan, Donostiako Guardetxean jokatutako saioan. Bertan, Bilintxi tokiko taldearen aurka neurtu zituzten indarran. Guardetxeko hitzorduaren ondoren, Balantxa donostiarrek eta Basandri oiartzuarrek jokatu zuten bigarren kanporaketa eta azkenean Balantxakoek lortu zuten garaipena.

Goizeko saioetan lortutako emaitzei esker, Txingudi A eta Balantxa taldeek arratsaldeko 19:30ean Añorgako zineman jokatzekoa zen eskualdeko finalerako sailkapena lortu zuten. Finala oso estua eta kalitate handikoa izan zen, bi taldeen artean saio borobila osatu baitzuten. Hala ere, epaileek Txingudi A taldearen lana hobetsi zuten, eta horrela, Igauri, Jon eta Manu Gipuzkoako Herriarteko txapelketako hurrengo fasera igaro dira.

Hurrengo hitzordua

Eskualdeko fasea amaituta, Txingudi A taldeak badaki zein izango den hurrengo erronka eta non jokatuko duen. Hurrengo saioa apirilaren 24an izango da, Hernanin. Bertan, etxeko taldearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak, Hernani baita Buruntzaldeko eskualdean txapeldun suertatu den taldea. Hemendik aurrera, apirileko hitzordu garrantzitsurako prestaketa lanetan murgilduko da taldea, Gipuzkoako txapelketan bide egiten jarraitzeko asmoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude